Areto futbola

Ezinezkoa izan da

Guaixe 2022ko mar. 9a, 10:50

Osasuna Magna Xota modu guztietara saiatu zen, baina baloia ez zen Interren atean sartu. XOTA

Osasuna Magna Xota ez da Espainiako Koparako sailkatu, atzo Inter Movistarrek sartutako gol bakarrarengatik galdu eta gero

Osasuna Magna Xotak Inter Movistar taldea hartu zuen atzo Anaitasunan. Bi taldeek lehen zortzi postuetan sailkatzea zuten jokoan, Espainiako Kopa jokatu ahal izateko. Xotak irabaziz gero, talde berdea sailkatuko litzateke; Interrek irabaziz gero, talde madrildarra; eta berdinduz gero, Cordoba Futsal. Final kutsua zuen partida izan zen atzo Iruñean jokatu zena, intentsitate handikoa.

Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, eta borroka oso estua izan zen. Imanol Arregiren mutilek denetariko gol aukerak sortu zituzten, baina berriro ere kontrako atean zortea eta punteria falta izan zitzaien. Roberto Martilek, Dani Zurdok, Carlos Ventok, Ion Cerviñok… sekulako aukerak izan zituzten, baina baloiak ez zuen Interren atean sartu nahi izan. Beste behin, berdeek gehiegi barkatu zuten. Interrek ere bere aukerak izan zituen, baina Asier Llamas atezainak lan bikaina egin zuen. Tamalez, partida bukatzeko 6 minuturen faltan Pol Pachecok Interren aldeko gola sartu zuen estrategiako jokaldian. Osasuna Magnakoak bukaerara arte saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta talde berdea Espainiako Kopatik kanpo geratu zen. Talde berdea jota geratu zen. 

“Taldeaz harro nago, eskura izan dugulako. Taldeak dena eman du eta pena handia da. Ez da justua, baina gola sartzen ez bada ezin da irabazi” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukatuta. 

Asteburuan Jaenera
Larunbatean Osasuna Magna Xotak Lehen mailako ligako hemezortzigarren jardunaldiko partida jokatuko du Jaen taldearen kontra, Andaluzian. Partida larunbatean jokatuko da, 18:30an. Orain artekoa ahaztu, eta ligako bigarren itzulian ahal den hobekien aritzea izango da orain berdeen egitekoa.