Areto futbola

Zapore gutxi duen berdinketa

Guaixe 2022ko mar. 21a, 10:40

Azken unean berdindu zuen Futbol Emotion Zaragozak.

Osasuna Magna Xotak gehiegi barkatu zuen eta Zaragozaren kontrako partida bukaeran bi puntu ihes egiten utzi zituen. Asteazkenean Barça liderra izango du aurkari

Osasuna Magna Xotak Futbol Emotion Zaragoza taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Egun alaia zen, Tony Escribano lesioaz osatu eta jokatzeko moduan zegoelako eta gogotsu zeuden berdeak. Eta berriro ere, modu krudelenean garaipenak ihes egin zion Imanol Arregiren taldeari, azken txanpan, eta zapore garratza zuen berdinketarekin konformatu behar izan zen talde nafarra. 

Zaragoza izan zen aurreratu zena, baina Junhinhok sartutako golari esker atsedenaldirako berdintzea lortu zuen Osasuna Magna Xotak, eta bigarren zatia hasi eta berehala Linharesek 2 eta 1 aurreratu zuen talde berdea. Rocha, Vento, Tony Escribanok... gol aukera bikainak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu eta, beste behin, talde berdeak gehiegi barkatu zuen. Partida bukatzeko minutu eta erdi geratzen zenean Zaragozak bina berdindu zuen eta berdeek markagailuari buelta emateko ez zuten tarterik izan. Puntu banaketak ez zuen Xota ase utzi, inola ere. 

“Garaipenak kategoriari eustea ekartzen zuen, horregatik puntu honek zapore gutxi dauka” aitortu zuen bukaeran Imanol Arregik. Teknikariak gaineratu zuen aukera oso argiak huts egin zituztela, eta taldearen punteria falta aipatu zuen. 

Asteazkenean Barça aurkari
Barça da Lehen mailako liderra (45 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamaikagarren da (23 puntu). Asteartean eta asteazkenean hogeigarren jardunaldia dago jokoan eta hain zuzen ere Barça liderra izango du aurkari Imanol Arregiren taldeak, Palau Blaugranan, 20:30ean (GOL).