Areto futbola

Xotak jipoi ederra jaso zuen Bartzelonan

Guaixe 2022ko mar. 24a, 09:15

Lehen zatian talde berdea ez zen batere fin ibili eta horrek partida guztiz baldintzatu zuen. XOTA

Partida hasiera kaxkarra garesti ordaindu zuen Imanol Arregiren taldeak eta 6 eta 1 galdu zuten nafarrek. Larunbatean Cordoba arerio zuzena hartuko dute Anaitasunan

Osasuna Magna Xotak Barça liderra izan zuen aurkari atzo, asteazkena, Palau Blaugranan. Jipoi ederra hartuta itzuli dira irurtzundarrak, 6 eta 1 galdu baitzuten. Talde berdearen hasiera kaxkarra izan zen porrotaren gakoa, partida hasi eta bost minuturako Barçak lehen gola sartu baitzuen, eta handik minutu batera, bigarrena, Xotako akats nabarmenak probestuz. 

Imanol Arregik hutsartea eskatu zuen, egoerari buelta eman nahian. Jokalari berdeak saiatu ziren, baina Barçako Feixas atezainak ez zien inolako aukerarik eman. Lehen zatia bukatzear zela, Barçak hirugarren gola sartu zuen. Bigarren zatian hobeki aritu zen Osasuna Magna Xota. Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea, eta Juninhok Xotaren markagailua mustu zuen. Berdeen animoak gora egin zuen eta partidari buelta emateko gai zirela sentitu zuen talde nafarrak, Juninhok eta Raulek bi aukera oso on izan zituztelako, baina partida bukaeran Barça berpiztu zen eta beste hiru gol sartu zizkion Xotari. 

Larunbatean, Cordoba aurkari
Barçak lidergoa sendotu du (48 puntu) eta Xota hamaikagarren da (23 puntu). Larunbatean arerio zuzena hartuko du talde berdeak Anaitasunan, 16:00etan, sailkapenean 27 punturekin hamargarren den Cordoba. Ea Xotak liderraren kontrako porrota ahaztu eta puntuak biltzen dituen.