Areto futbola

Hiru puntu baino askoz ere gehiago balio duen garaipena

Guaixe 2022ko mar. 28a, 10:00

Anaitasunan jokatutako partida eroa bukaerarako 15 segundoren faltan erabaki zen. XOTA

Osasuna Magna Xotak 5 eta 4 irabazi zion Cordoba Futsali azken segundotan erabaki zen partida eroan

Osasuna Magna Xotak Cordoba Futsal taldea hartu zuen larunbatean Anaitasunan. Azkenaldiko mamuak uxatu nahi zituen Imanol Arregiren taldeak, punteria falta eta akats tuntunen arazoak gainditu. Partida eroan, azken segundotan garaipen oso garrantzitsua lortu zuen talde berdeak, kategoria usteko borrokan hiru puntu eder. 

Partida hasi eta berehala aurreratu zen Osasuna Magna, Linharesek sartutako golari esker, baina minutu eskasera Cordobak berdindu egin zuen. Jokoa hasi bezain pronto, Juninhok bigarrena sartu zuen berdeendako. Eta bi minutura Carlos Ventok 3 eta 1 aurreratu zuen Osasuna Magna. Imanol Arregiren taldea erlaxatu egin zen eta Cordobaren erantzuna iritsi zen: atsedenaldirako hiruna berdindu zuen Cordobak, eta bigarren zatian zerotik hasi ziren bi taldeak. 

Cordoba izan zen 23. minutuan gola sartu eta 3 eta 4 aurreratu zena. Deseroso zebiltzan jokalari berdeak, ezin asmatu. Aukerak sortu zituzten, baina 33. minutura arte ez zuten berdintzea lortu, Linharesi esker. Hortik aurrera partida erotu egin zen. Bkaerarako 15 segundoren faltan Bynhoren jaurtiketa Cordobaren ate barruan sartu eta hiru puntuak Iruñean geratu ziren, berdeen eta zaleen gozamenerako. 

Imanol Arregi kontentu zegoen hiru puntuak lortu izanagatik, “garaipen honek salbaziora gerturatzen digulako. Bide honetan jarraitu beharra dugu” nabarmendu zuen teknikariak. 

Asteburuan Espainiako Kopa dago jokoan eta Lehen Mailako ligak geldialdia du. Barçak jarraitzen du lider (51 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamaikagarren da (26 puntu). Hurrengo jardunaldia apirilaren 17an jokatuko du Osasuna Magna Xotak eta sailkapenean hamabigarren den Levante izango du aurkari, Levanten. Arerio zuzenen arteko partida izango da.