Mendia

Sakanako Ibilaldian izena ematea zabalik

Guaixe 2022ko api. 6a, 11:20

Apirilaren 30ean izanen da eta aurten ezingo da probaren egunean izena eman. Hortaz, aurretik egin beharko da

Apirilaren 30ean, Irurtzungo Iratxo Mendi elkarteak antolatutako 31. Sakanako Ibilaldia abiatuko da. Hiru ibilbideren artean aukeratu daiteke: Sakanako Ibilaldi Luzea (54 km, 3.388 metroko desnibel positiboa: Urrizola, Txurregi, Beriain, Uharte Arakil, Aralarko San Migel, Ata, Madotz, Larrazpil, Trinitatea); Sakanako Ibilaldi Laburra (25,5 km, 1.440 metroko desnibel positiboa: Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa, Trinitatea) eta Ibilbide Txikia (14 km, 730 metroko desnibel positiboa, etxeko txikienekin egiteko, Trinitatea, Latasa, Arrantzaleen xenda, Irurtzun). 

Azken edizioan, 2019an, 1.416 mendizalek eman zuten izena eta antolakuntza kopuru hori eta zertxobait gehiago ere hartzeko prest dago. Izena ematea zabalik dago Zirkuitua eta Iratxo elkartea webguneetan. Antolakuntzak nabarmendu duenez, aurten ezingo da izena ematea ibilaldiaren egunean bertan egin. Beraz, aurretik egin beharko da.

Aste bat beranduago Altsasuko Hiru Mendi Zerrak mendi martxa izango da, maiatzaren 7an. Apirilaren 1ean egitekoa zen, baina denboralearengatik proba atzeratzea erabaki zuen Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Bertan aritzeko izena zabalik dago Zirkuitua eta Mendiz Mendi webguneetan.

Aipatutako Sakanako bi mendi martxak Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuiturako eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien XIV. Txapelketarako puntuagarriak dira.