Antzerkiaren familia

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 4a, 12:34

Irurtzungo Antzerki Tailerreko antzezleak. UTZITAKOA

Irurtzungo Antzerki Tailerrak lan berria eskaini zuen asteburuan: 'Este pueblo es un sin Dios'. Bi urte "gorabeheratsu" ondoren, antzerki absurdoarekin itzuli dira oholtzara. Tailerra duela hogei bat sortu zen, herritar talde batek bultzatuta.

Tere Otxoa irurtzundarrak antzerkian interes handia zeukan. Gustatzen zitzaion. Duela hogei bat urte Irurtzungo Udalak zenbait ikastaro antolatu zituen, eta Patxi Mikeo kultur teknikariak ea baten bat gehiago antolatzea nahi zuten plazaratu zuen: "Eta esan nion: antzerki tailerra?". Eskatu zuten, eta atera zen. "Lehenengo urtean hamar bat pertsona egon ginen, bigarrenean hamasei, hurrengo urteetan igotzen joan zen eta jaitsiera urteak izan ziren ere". Aurten hamabi pertsonak osatu dute Irurtzungo antzerki tailerra. Maria Eugenia Barroso antzerki tailerraren lehenengo antzezlana ikustera joan zen, "eta izugarri gustatu zitzaidan". Tailerraren bigarren denboraldian izena eman zuen, "eta hemen nago". Ostiralean, larunbatean eta igandean, Irurtzungo kultur etxean, Este pueblo es un sin Dios antzezlana egin du Irurtzungo antzerki tailerrak.

Ilusio handiarekin hasi ziren tailerrean, gaur egun arte mantentzen duten ilusioa. "Garai horretan Asun Abad zen zuzendaria, eta oso gustura egoten ginen", esan du Otxoak. "Udalaren laguntza dugu, eta merezi ez dugun zuzendari bat daukagu. Marabilla bat da". Gaur egun, Angel Sagues da Irurtzungo antzerki tailerreko zuzendaria. "Lehenengo urteko antzezlana ikusi nuenean uste nuen aurretik zerbait jakin behar zenuela eta hasieran zerbait txikia eskatu nuen", azaldu du Barrosok, "baina protagonista bat eman zidan". Hasieran ez zuen bere burua gai ikusten, baina "pixkanaka" urtero pertsonaia desberdinak interpretatzea lortu dute.

"Kasualitatez", tailerrean hasi ziren guztiak emakumeak ziren, eta gerora gizonak sartu ziren. "Urte batean zuzendariak esan zuen: Gizonak behar ditugu!". Orduan sartu ziren Patxi eta Pello. Pelloren heriotza "kolpe oso handia" izan zela aitortu dute. "Guztiak bat gara, baina bera arima zen, beti alaitzeko prest zegoen. Zerbait ez zitzaigula ateratzen esaten genuenean, berak animatzen gintuen".

Tailerra
"Entsegu asko egiten ditugu, asko okertzen gara, eta barre asko egiten dugu ere". Emanaldiak, aldiz, serio hartzen dituzte, baina publikoak barre egiten badu, helburua bete dutela esan du Otxoak. Bere kasuan, senarra ere tailerrean dago, eta etxean paperak prestatzen dituzte. "Etxean ere lan handia egiten dugu, grabatu, zure ahotsa entzun...". Izan dituzten bi zuzendariak, Asun Abadek eta Angel Saguesek, noraino iritsi daitezkeen ongi dakitela esan du Barrosok: "Zuk agian ez duzu zure burua zerbait egiteko gai ikusten, eta haiek baietz esaten dizute, mugara eramaten zaituzte, eta egiten duzu". Bakoitzaren ahalmena ezagutzen dute, eta ateratzen lortzen dute. "Beste pertsonaia batean sartzen zara, ez zara zu, eta barruan dagoen guztia ateratzen da". Antzerkian "libre" dela esan du Otxoak.

Antzerki tailerra dagoeneko tailer bat baino gehiago da. "Familia bat bezalakoa da. Hemen pasatzen dugun denbora, entseguak, kafe bat hartzera goazela...". Denborarekin "asko garatu" da, asko ikasi dute. "Hasiberriak garenean denak berdin hasten gara, zer egin ongi jakin gabe, baina bagaudenez pixka bat kontrolatzen dugunak, beraiei indarra ematen diegu".

Kamerinoan emanaldia hasteko zain daudenean, aldiz, "zerotik hasiko bagina bezala" dela esan du Barrosok. "Pasatu zitzaidan hasiberri bat zegoela eta ni oso urduri nengoen, eta ez nuen lasaitasuna eta konfiantza transmititzen jakin. Alderantziz izan zen". Egoera horrek markatu zuen, "orain saiatzen naiz urduritasuna ez islatzen". Denborarekin ikasi duten zerbait bada ere. Nerbioak "beti" egon behar dutela gaineratu du.

2020ko martxoaren 19an estreinatu behar zuten Ver, oler, escuchar antzezlana, baina martxoaren 14an koronabirusaren pandemiagatik alarma egoera ezarri zuten, konfinamendua arautuz. "Ez nuen testua hartu nahi, oso gaizki pasa nuen", esan du Otxoak. "Garai txar bat pasatzen ari nintzen eta antzerkiak izugarri lagundu dit. Oso gogorra izan zen, gainera, garai horretan bazirudielako ez genuela gehiago antzerkira itzuliko...", gaineratu du Barrosok. Azkenean, 2021eko urrian estreinatu zuten lana.

Urtero lan berri bat aurkezten dutenean, hiru saio egiten dituzte ostiralean, larunbatean eta igandean. Aurtengo zita asteburuan izan dute. Hirutan sarrerak agortu dira kartela jartzen dute. Irurtzungo publikoa "oso esker onekoa" dela esan dute bi antzezleek. "Gurekin oso eskerdunak dira, denetarik gustatzen zaie". Nahiz eta, Barrosok esan duen, komedia nahiago dutela: "La Casa de Bernarda Alba esan ziguten oso ongi egon ginela, oso ongi egon zela, baina ez zitzaiela gustatu oso tristea izan zelako. Baina ezin dugu beti komedia egin!".

Antzezlanak
Antzerki tailerreko parte hartzaileek dramak egitea eskatu ohi dute. "Angelek galdetzen digu gutxi gora behera zer egin nahi dugun". Baina gero "nahi duena" egiten duela esan du Otxoak. "Errespetatzen digu bakoitzak nahi duen parte hartzea, hori bai".

Hogei urteko ibilbidean lan asko egin dituzte, eta gehienak gustukoak izan dituzten arren, badira berriz eginen ez zituztenak ere. Otxoari Todas a votar eta Aquí no paga nadie antzezlanak, esaterako, "oso absurdoak" iruditu zitzaizkion, "aurtengoa baino gehiago". Barrosori Tinieblas, bere lehenengo antzezlana, asko gustatu zitzaion, "denetarik zeukan, drama, komedia...". La Casa de Bernarda Alba dago bere gustukoen artean, baita Las bicicletas no son para el verano edo Locuras ere. "Asko izan dira".

Este pueblo es un sin Dios antzezlanean herri bat aurkeztu zuten, bertako apaizarekin, guardia zibilarekin, alkatearekin, apaizaren amarekin, baita lurretik jaiotzen diren gizakiekin ere. Lekuz kanpo dauden egoerak bizi dituzte herritarrek. "Oso absurdoa da".

Aurkezpenaren astea oso "bizia" dela, baina aldi berean oso azkar pasatzen dela esan dute. Egunean bertan, eszenatokian, "handitzen" dira.