Ibai ertzeko zaborraren erakusketa

Guaixe 2022ko api. 20a, 09:03

Larunbatean egindako auzolanean Larraun ibai ertzean zeuden hondakinak jaso eta udalaren hiru ibilgailuetan herriko plazara eraman zituzten, auzolanean egindako lana ikusteko eta ingurumena zaindu beharra dagoela azpimarratzeko.

Erga Larreak, Pikuxar, Iratxo eta Larrazpi elkarteek Irurtzungo Udalaren laguntzarekin batera antolatu zuten larunbateko auzolana. Abenduaren 10eko uholde handiaren ondoren herritar askoren paseatzeko tokia zikin zegoela ikusita, ubelde bazterrak garbitzeko deialdia egin eta 35 irurtzundarrek bat egin zuten. Kaxarna eta Inasako zubiaren artean denetariko objektuak jaso zituzten, ondoren udalaren hiru ibilgailutan plazan ikusgai utzi zituztenak. Auzolanean parte hartu zutenek bizi izandakoa ondorengo otamenean hizketagai izan zuten.