Areto futbola

Osasuna Magna Xotak ez zuen Valdepeñasen punturik bildu

Guaixe 2022ko api. 25a, 11:50

Imanol Arregiren taldea Lehen Mailako ligan hamabigarren postuan dago eta ostiralean Jimbee Cartagena taldea hartuko du Anaitasunan

Osasuna Magna Xotak Valdepeñas izan zuen aurkari larunbatean Ciudad Realen eta Imanol Arregiren taldea punturik gabe itzuli zen bertatik. Bi taldeek partida oso lehiatua eskaini zuten, baina atsedenaldia baino lehen Valdepeñasek Asier Llamasen atea zulatu zuen eta etxeko taldea abantailarekin joan zen atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Valdepeñasek jokalari berdeen kontzentrazio akats bat probestu zuen bigarren gola sartzeko. Jokalari berdeak saiatu ziren, baina ezin izan ziren Valdepañasen atetik pasa izan, eta kontraerasoan Valdepeñasek hirugarrena sartu zuen. 

Xotak denetariko gol aukerak sortu zituen, baina Valdepeñasen defentsak, atezainak eta punteria faltak ez zuen markagailuan aldaketarik ekarri. Imanol Arregik 34. minutuan Raul Rocha atezain-jokalari postuan jarri zuen eta Dani Zurdok Valdepeñasen atea zulatzea lortu zuen. Etxekoek ez zioten Xotari aukerarik eman nahi izan eta segituan Valdepeñasen laugarren gola iritsi zen. Bukaerarako segundo gutxi falta zirenean Dani Zurdok Xotaren bigarrena sartu zuen, baina ez zen gehiagorako astirik izan eta hiru puntuak Valdepeñasen geratu ziren. 

Imanol Arregik azaldu zuenez, “lehen zatian hobeak izan ginen baina, atzera ere, ez genuen golik sartu. Gure nagusitasuna ez genuen markagailuan islatzen jakin. Bigarren zatiaren hasiera gakoa izan zen, eta uste dut Valdepeñasen garaipena justua izan zela”. 

Lehen mailari eustea, hori da Osasuna Magna Xotaren helburu nagusia eta horretarako “lehenbailehen partida pare bat irabaztea” nahiko luke taldeak. Ostiralean, sailkapenean laugarren den Jimbee Cartagena taldea hartuko dute Anaitasunan, 20:30ean.