Leitzarango autobia hurrengo lau gauetan itxita

Guaixe 2022ko api. 25a, 19:33

Kamioia eta autoa Leitzarango Autobian (A-15), Biahizpen. ARTXIBOA

Andoain-Irurtzun autobia gaurtik ostegunera arteko gauetan  22:00etatik 06:00etara itxita egonen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak aginduta lanak eginen dira San Lorentzo-Larre tunelean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hurrengo lau gauetan, 22:00etatik 06:00etara Leitzarango autobia (A-15) itxita egonen da. San Lorentzo-Larre tunelean segurtasun-instalazioetarako kontrol sistema berria jartzeko lanek eraginen dute trafiko mozketa. Lan horiek direla eta, Donostiarako noranzkoan, Berastegiko lotunetik moztuko da autobia eta Iruñerako noranzkoan, berriz, Andoaingo Sorabillako lotunetik. 

Andoainerako noranzkoan egingo den mozketaren ondorioz, A-15 errepideko erabiltzaileek beste ibilbide batzuk hartu beharko dituzte. Ibilbide luzeko ibilgailuendako, Andoain eta Altsasu arteko N-I autobia erabiltzea gomendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etzegaraten barrena, eta Sakanako autobia.

Berastegi, Elduain edo Berrobi bezalako tokietarako, Andoainerako noranzkoan egingo den mozketak aukera emango die A-15eko erabiltzaileei Berastegiko lotunean bira egiteko eta GI-2130 errepidetik (Tolosatik Leitzara doan errepidea) iristeko. Lekunberri edo Leitzara joaten diren ibilgailuek Azpirotz mendatea zeharkatzen duten GI-2135 eta NA-1300 errepideak erabili ahal izango dituzte.