Areto futbola

Xota, mailari eusteko bide onean

Guaixe 2022ko api. 28a, 11:40

Emakumezkoen Lehen senior mailari eusteko borrokan murgilduta dago talde irurtzundarra

Emakumezkoen senior mailan bigarren fasean murgilduta dago txapelketa. Xota talde nagusia Emakumezkoen Lehen senior mailari eusteko borrokan dabil bigarren fase honetan. Asteburuan laugarren jardunaldia jokatu zuen talde irurtzundarrak eta bide onetik jarraitu zuen, bere hirugarren garaipena lortu baitzuen jarraian, Talleres Recarte Murchanteri 2 eta 7 irabazi baitzion. Erriberan gol festa ederra ospatu zuten irurtzundarrek. Youssra Chafia (2), Yolanda Martil, Hermo Coll (2), Maite Medina eta Iranzu Zarranz izan ziren golegileak. 

Mutilbera da sailkapenean lehena (34 puntu) eta Xota hirugarren postuan dago (31 puntu). Hiru partida geratzen dira denboraldia bukatzeko eta lan ona egiten badu taldeak kategoriari eutsiko dio. Asteburuan Xotak Transportes AGR Ribera Navarra hartuko du Atakondoan. 

Gizonezkoen Hirugarren maila
Gizonezkoen Hirugarren mailan, Aste Santua baino lehen jokatu zen lehen faseko azken jardunaldia, 22. jardunaldia, eta hain zuzen ere jardunaldi horretan Xotaren eta Aralar Mendiren arteko derbia hartu zuen Atakondoak. Partida oso lehiatuan, azkenean puntuak Irurtzunen geratu ziren, Xotak 9 eta 5 hartu baitzuen mendean Aralar Mendi. Sailkapenean, Mateo Muñoz Ribera de Navarra izan da liderra (60 puntu), Aralar Mendi bederatzigarren sailkatu da (21 puntu) eta Xota hamargarren (17 puntu).