Mendia

1.174 mendizale Iratxoren Sakanako Ibilaldiaren itzuleran

Guaixe 2022ko api. 29a, 12:00

Irurtzungo Iratxo Elkarteak antolatutako mendi martxa ezagunak betiko erakargarritasuna duela agerian geratu da. Irurtzun, bihar, larunbata, "mendizaletasunaren festa handia" izatea nahi dute, eta izena ematea itxita dagoela gogoratu dute

Beldur pixka bat omen zuten. Bi urteren ondoren buelta nolakoa izanen ote zen. Mendizale asko animatuko ote ziren. Are gehiago aurten egunean bertan Sakanako Ibilaldian ezingo dela izena eman kontuan hartuta. Asteartean itxi zuten epea, eta larunbateko 31. Sakanako Ibilaldia, aurrekoak bezala, arrakastatsua izanen da. "Hasieran mantso joan zen, baina azken aste hau eromena izan da. 1.174 mendizalek eman dute izena eta oso kontentu gaude" adierazi du Iratxo elkarteko Doris Vicentek. Hainbat kirol ekitalditan beherakada sumatu bada ere, Euskal Herriko Mendi Ibilbideen Zirkuiturako eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Txapelketarako puntuagarria den Sakanako Ibilaldiak betiko erakargarritasuna du. 

Hiru ibilbide, betikoak
Sakanako Ibilaldian hiru aukera daude: Sakanako Ibilaldi Luzea (54 km, 3.388 metroko desnibel positiboa: Urrizola, Txurregi, Beriain, Uharte Arakil, Aralarko San Migel, Ata, Madotz, Latasa, Larrazpil, Trinitatea); Sakanako Ibilaldi Motza (25,5 km, 1.440 metroko desnibel positiboa: Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa, Trinitatea) eta Ibilbide Txikia (14 km, 730 metroko desnibel positiboa, Trinitatea, Latasa, Arrantzaleen xenda, Irurtzun). Mendizale gehienek, 550, Ibilaldi Motza aukeratu dute. "Esaten digute Ibilbide Motzari izena aldatu behar diogula. 25,5 kilometro eta 1.440 metroko desnibel positiboa duen ibilaldiari ezin diogula Ibilbide Motza deitu" azaldu zuen irribarrez, astearteko aurkezpen ekitaldian, Iratxoko Manolo Morenok. Ibilaldi Luzea 404 mendizalek egingo dute eta Ibilbide Txikia egiteko prest daude 220 mendizale gazte, eta haien familiak. Hiru ibilbidetan ez dituztela aldaketarik egin gaineratu zuen Morenok, "mendizaleei dauden bezala gustatzen zaizkielako. Ibilaldi ederrak dira hirurak, aitzakiarik gabekoak". 

Hiru ibilbideak Atakondoa ikastetxetik abiatuko dira larunbat goizaldean. Ibilbide Luzea 6:30ean, Ibilbide Motza 7:30ean eta Ibilbide Txikia 9:30ean. 

Naturarekiko errespetua
Sakanako Ibilbideak zenbait balore sustatzen dituela azaldu zuen Iratxoko Mikel Goldarazenak. Naturarekiko errespetua azpimarratu zuen. "Gurea bezalako kirol ekitaldi handietan hornidura guneetan elikadura eta edari asko eskaintzen dira. Sakanako Mankomunitatearekin batera, elkarlanean, guztia ongi birziklatzeko esfortzua egingo dugu, elementu bakoitza dagokion edukiontzian jasotzeko" azaldu zuen. Ildo honetan, Doris Vicentek mendizaleei norberak bere edalontzia edo botila eramatea eskatu zien, birziklapenean aurrerapausua emateko. Eta "guztia zegoen bezala" uzteko konpromisoa azaldu zuen. "Guk ez dugu inoiz ibilbidea pinturarekin markatzen, eta betiko bideak erabili eta markatzen ditugu, bide berriak ez zabaltzeko. Azken mendizaleak pasa bezain pronto hasten gara bidea markatzeko elementuak biltzen eta guztia jasotzen. Egunean bertan San Miguelerainoko bidea garbi uzten dugu eta hurrengo bi egunetan guztia bilduta geratzen da, badirudi ez dela martxarik izan" gaineratu zuen. 

Sakanako Ibilbideak, bertako paisai zoragarriak erakusteaz gain, bertako kultur ondarea agerian jartzen du: San Donato, San Miguel, Ergako Trinitatea eta Itxasperri baselizak, Agiri despopulatua, Euskal Herriko Erdigunea, Larrazpil trikuharria… eta euskararekiko konpromiso berezia du. "Gure hizkuntza egoera zailan dago eta Sakanako Ibilaldiak euskararen erabilera bulkatu nahi du" azaldu zuen Goldarazenak. 

Mendizaletasunaren festa
Sakanako Ibilaldia ez da lehiaketa bat, mendizaletasunaren festa baizik. "Kirol ekitaldi garrantzitsua da, parte hartze handia duena, baina guztiaren gainetik mendizaletasunaren festa izatea nahi dugu" aldarrikatu zuten. Bukaeran giro polita egongo da plazan, eta haurrendako rokodromoa eta beste antolatu dituzte. 

Erreleboa badago
Guztia antolatzeko larunbatean ehundik gora boluntario ariko dira lanean. Horrek "auzolanaren garrantzia" erakusten du. Ildo honetan, Iratxo elkartera 20tik gora bazkide berri sartu direla eta Sakanako Ibilaldian guztiz inplikatu direla azaldu zuten. "Erreleboa dugu, eta hori oso garrantzitsua da" nabarmendu zuten.  

Aurkezpenera Nafarroako Kirol Institutuko ordezkari David Malo hurbildu zen. Sakanako Ibilaldia aurrera ateratzeko lan egiten zuten boluntario, babesle eta laguntzaile guztiei eskerrak eman zizkien. "Ekitaldi honek 1.000 pertsona baino gehiago mugitzen ditu eta herrira onura besterik ez du ekartzen. Iratxo elkarteak egiten duen lana eskertu beharrekoa da. Bi urteko geldialdiaren ondoren, guztia normaltasunera itzuli dela ikustea sekulako albiste ona da" azaldu zuen. 

Mendizaletasunak, gora
Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko Martin Montañes presidenteak Euskal Herrian "enblematikoa" den mendi martxa berreskuratzeagatik eskerrak eman zizkion Iratxori, eta elkarteak segurtasuna bermatzeko eta ingurugiroa zaintzeko hartzen dituen neurriak eskertu zituen. Pandemiaren ondoren Nafarroako mendi martxa gehienak mantendu direla nabarmendu zuen, "urtean 10-12 dira". Mendi lasterketek gora egin dute, eta pandemiagatik "mendizaletasunak gora egin du nabarmen. 2021ean 14.210 federatu izan genituen, eta aurten 13.300 daramatzagu". Baina guztia ez da ona, mendian esperientziarik gabeko jende asko ibiltzeak "istripu ugari" ekarri dituelako.