Astekaria

"Barrea bizitzan mugitzen nauen gauzarik handiena da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 4a, 10:59

Lorena Arangoa 'Nire baitaturik' ikuskizunean. ITZIAR MATXAIN

Profesionalki alde batera utzi bazuen ere, Lorea Arangoa irurtzundarrak ez dio inoiz clown izateari utzi. Badena da. 'Nire baitaturik' lana berregin, eta Irurtzunen aurkeztu zuen.

Duela hamar bat urte sortutako Nire baitaturik ikuskizunarekin itzuli da Lorena Arangoa Zabaleta eszenatokietara. Clown-etik bakardadearen gaia lantzen du. Igandean, maiatzaren 1ean, 19:30ean, emanaldia egingo du Irurtzungo kultur etxean. Obra berdina bada ere, Arangoaren eta "pailazoaren" heldutasuna nabarmentzen da.

Zer da 'Nire baitaturik'?
Gaztelaniaz Ensimismada da. Bakardadeaz edo bakarrik geratzen zaren omentuaz hitz egiten duen obra bat da. Emakume gehienak bezala emozionalki dependentzia asko duen emakume bat da. Bakarrik gelditzen da eta bakardade horrekin nola bizi den eta, azkenean, gustura dagoela erakusten du. Horrela esanda badirudi drama bat dela, baina umorea da.

Nola eman diozu buelta dramari?
Dependentzia horiek edo bakardadeari beldur horiek gustuko ez ditugun pertsonekin edo gauzekin harremanak izatera eramaten gaituzte. Orduan, pertsonaia bakarrik gelditzen den momentuan hausnarketa egiten du eta pentsatzen du agian ez dagoela hain gaizki. Ez du asko hitz egiten, baina esaten duen gauza bakarrenetarikoa da: "Bakarrik, beno bakarrik, nirekin". Oso garrantzitsua da ere zurekin egoteko momentu horretaz disfrutatzea eta kudeatzen jakitea.

Nola sortu zenuen ?
Arte dramatikoa ikasi nuen, eta nire burua beti ikusten nuen Romeo eta Julieta eta horrelako drama erromantikoak egiten. Bat-batean, clown-a ezagutu nuen eta aukera asko ematen dituela ikusi nuen. Drama egin dezakezu, baina barre egiten. Bizitzan mugitzen nauen gauzarik handiena barrea da. Ongi sentiarazten nau, gustura nago barre egiten. Clown-a ezagutu nuen eta beste guztia utzi nuen. Ibizan Eric de Bonten eskolan egon nintzen, ikastaro handi bat egiten, eta itzuli nintzenean pentsatu nuen zerbait egin behar nuela. Antzerki eskolako interpretazio sailean Patxi Larreak clown-a ematen zuen, eta berarekin hitz egin nuen ea zerbait zuzenduko zidan esateko. Horrela sortu zen. Bakarrik nen goenez, norbaiten esperoan egoteko ideia atera zen eta ikerketa lan bat egiten hasi ginen. Sekulako aldea ikusten diot duela hamar urte egin nuenari eta orain egiten ari naizenari.

Zertan desberdintzen da?
Profesionalki emanaldiak asko gutxitu ditut, baina hamar urte hauetan ez dut clown-a utzi. Kristoren aldea dago ni beste pertsona bat naizelako eta nire pailaza beste pailaza bat delako. Ikusten dut askoz gehiago betetzen dudala eszenatokia eta pertsonaiak potentzia askoz ere handiagoa duela orain.

Zergatik bakardadeari buruz hitz egin?
Ibizatik itzuli nintzenean oraindik amarekin bizi nintzen, 23 edo 24 urte nituen, eta orduan Lekunberri ondoan dagoen Arruitz herrira bizitzera joan nintzen, etxe txiki batera, bakarrik. Herrian banuen ezagunik, baina herri txikietan oso zaila da jendearekin elkartzea. Ikusten nuen nire burua askotan leihotik begira eta norbait pasatzen zenean agurtzera eta denbora pasatzera jaisten nintzen. Bakardade hori bizi izan nuen momentu horretan eta, nik uste, hortik etorri zela. Ez nintzen oso kontziente izan sortzen ari nintzenean. Momentu horretan Rosa Legarrarekin ari nintzen. Psikologoa eta terapeuta zen, Bach loreekin eta horrelako terapiak egiten zituen ere eta garai horretan berarekin terapian nengoen. Estreinaldira etorri zen eta esan zidan: "Terapia hau izan da". Horrelako lan bat egiten duzunean, bizitutako egoeratan oinarritzen zara.


'Nire baitaturik' ikuskizunaren une bat. ITZIAR MATXAIN

Eta zergatik berreskuratu duzu orain?
Nire baitaturik egin eta urtera fruta denda bat hartu nuen Irutzunen, nire bikotekidearekin. Bat-batean bizitza estabilizatu behar nueneko ideia sartu zitzaidan, eta hamar urte daramatzat dendarekin. Clown-a ez dut inoiz utzi; Irurtzunen emakumearen egunean eta festetan eta abar emanalditxoak egiten nituen, baina pasa den urtean hasi nintzen jubilazioan pentsatzen. Eta adin honetan jubilazioan pentsatzen ari bazara... Asko gelditzen da! Agian fruta dendan ez negoela hain ongi pentsatu nuen. Horrelako erabaki bat harzeak beldurra ematen du ez dizulako estabilitatea ematen, ekonomikoa diot, emozionalki dena ematen didalako. Baina autonomoa naizenez profesionalizatzeko ideia horrekin hasi nintzen. Uste nuen fruta denda uzten banuen, bikotekidea ere utzi behar nuela; denarekin apurtu behar nuela. Hau guztia bikotekideari ezer esan gabe pentsatzen nuen. Orduan, egun batean, bikotekideari nire asmoa planteatu nion eta esan zidan: "Zenbat bizitza dituzula uste duzu?". Bakarra nuela esan nion, eta aprobetxatzeko esan zidan. Zeinen jatorra! Apostua egin nuen.

Hasiera berri bat da.

"Eszenatokira igotzean lehen nuen sentsazioa eta urduritasuna sentitzen dut"

Koltxoi emozional bat badut; jende pila batek deitzen dit bere herrian zerbait egiteko. Zorte handia daukat. Hasi nintzen ere Estefania de Pazek La reina del Arga ikuskizuna egin duelako, eta euskaraz egin nahi zuen. Bera ez da euskalduna eta niri proposatu zidan. Bideo batzuk grabatzeko esan zidaten ere... Momentu egokia zela pentsatu nuen. Patxi Larrearekin hitz egin nuen ea Nire baitaturik berriz hartzera animatzen zen eta baietz esan zuen. Duela bost edo sei urte Sanjuenetan eszenografia guztia sutara bota nuen, garbiketa bezala, eta orain lana berreskuratu dudala eszenografia berria egin behar izan dut. Oso ongi dago beste modu batera egin dugulako eta orain leku txikietan sartzen da. Nerabe puntu batekin nago, urduritasun hori sentitzen dut. Eszenatokira igotzen naizenean bertigo sentsazio hori badut, lehen nuen sentsazioa. Baina adinak eta urteak lasaitasuna ematen dizute ere. Lehen bakarrik nerbioak zeuden, orain plazera dago ere.

Esan bezala, clown-a ez duzu inoiz guztiz utzi. Trebatzen jarraitu du, ezta?

"Clown-a nire bizitzako motorea da; bizipoza ematen didan gauza garrantzitsua"

Ikastaroak ez ditut inoiz utziko. Clown-a nire bizitzako motorea da; benetan. Clown-a sinplizitatea baina konplexutasuna da. Ez dakit nola azaldu ere. Bizipoza ematen didan gauza oso garrantzitsua da. Ezin nuen utzi. Asko gustatzen zait. Disfrutatzen dut. Ideia asko ditut, gainera. Udarako zerbait sortu nuen banekielako zerbait berria banuen herrietatik deituko nindutela. Gauza berriak egiteko ilusio hori izan dut beti.

Proiektu berriak dituzu buruan?
Nire baitaturik aretoetarako da eta kalera moldatzea zaila da leku intimo bat behar duelako. Patxi Larrearekin udarako istorio bat muntatzen ari gara, kalerako. Bigarren edo hirugarren aldia da elkarrekin lan egiten dugula, biak elkarrekin aritzen, eta tandem oso polita osatzen dugu. Oso ongi fusionatzen gara. Pertsonaia oso dibertigarriak ateratzen dira. Ez ditugu sudur gorriak erabiltzen, baina clown kodigoan dago.

Zer esan nahi du clown kodigoan egoteak?
Badaude clown mota pila bat. Ni ez naiz oso zorrotza horrekin. Pep Vilak kurtsoak eskaintzen ditu, batzuetan sudurrarekin lantzen ditu eta beste batzuetan gabe. Bere ikastaroak Ergelkeria ikastaroak deitzen dira. Oso ongi definitzen du. Pailazioa txoroa da, beste mundu batean bizi da... Norbaitek behin esan zidan clown bati bonbilla bat izorratzen zaionean, lehen argitasuna zuen eta orain ez, orduan, aukera bat izan zitekeela zoruan zulo bat egitea argia bertatik sartzeko. Puntu hori badu pailazoak. Oso sinplea da, zulo bat egitea, baina beste alde batetik oso korapilatsua. Errusiar clown-ek, adibidez, beste kodigo oso desberdina dute. Zinean Charles Chaplin oso gestuala zen, baina Buster Keatonek aurpegi berdina zuen momentuoro, eta oso clown da ere.

Baina oso gai indartsuak lantzen dituzue?
Clown-a hitz batekin elkartu behar bada emozioa esango nuke. Emozio hori benetako emozioa dela esango nuke. Azkenean, publikoarekin ez bazara zintzotasunez aritzen, ez baduzu egi hori transmititzen, jendea ez da sartzen. Bai draman bai komedia hutsean ez duzu konplizitate hori lortzen egiatik ez badituzu gauzak kontatzen.

Umorea egitea drama egitea baino zailagoa da?
Denbora eta erritmo kontua da. Badaude ikerketa asko horren inguruan, oso gai ikasia da. Tenpo deitzen denarekin zerikusia du. Erritmoa oso garrantzitsua da. Asko luzatzen den zerbaitek dramatikora jo dezake, baina luzatzen baduzu puntu jakin batera eta hor puskatzen baduzu, barrea sor dezakezu. Askoz errazago dugu barrearekin konektatzea gutxiago kostatzen zaigulako. Nahiz eta dramatik etorri. Dramarekin konektatzea lan handia da, eta gero motxilarekin joaten zara etxera. Hemen asko nabaritzen da. Euskaldunak itxiak eta hotzak garela esaten dute, baina barre egiteko erraztasun handia dugu. Edozein egoera dramatikoa alde horretatik hartzen dugu; Vaya semanita-ren kasua hor dago.

 

Emakume pailazen elkartea

Orain dela gutxi Espainako estatuko emakumezko pailazoak online bidezko mahai ingurua egin zuten. Zazpi hizlari zeuden, tartean Virginia Imaz eta Esther Carrizo nafarrak. Emakume pila bat konektatu zirela azaldu du Arangoak. "Eztabaida oso polita sortu zen". Clown-aren munduan, "bizitzan eta arteetan bezala", emakumezkoak bigarren edo hirugarren postuan daudela eztabaidatu zuten. "Umore jaialdietan emakume batek edo bik parte hartzen dute". Duela zenbait urte Pepa Planak emakumezko pailazen bilkura antolatzen zuen Andorran, baina azkenean "diru kontuengatik eta abarrengatik" egiteari utzi zioten. "Geroz eta kartel gehiagotan gaude, baina nabaritzen dugu martxoaren 8rako eta azaroaren 25erako beti dugula zerbait. Baina urte guztian gaude".

Bilera horretan ere emakumezko pailazen Whatsapp talde bat sortzea proposatu zuten. Talde hauetan ezin diran 250 pertsona baino gehiago batu, eta dagoeneko Telegramera pasa behar izan dira. "Oso indartsua izaten ari da". Mundu osoko pailazoak batu dira. Portugalgoek, esaterako, elkarte bat dute. Momentuz, taldeak antolatzen ari dira: "Batzuek jaialdietan parte hartzen duten emakumezkoak begiratzen dituzte, beste batzuek emakumeak programatzen dituzte programatzaileak begiratzen dituzte...". Oso polita izaten ari dela, eta indarrarekin ari dela esan du irurtzundarrak.