Igerileku denboraldia prestatzen

Guaixe 2022ko maiatzaren 5a

Irurtzungo igerilekua. ARTXIBOA

Udalak igerilekuen bazkideei ordainagiriak bi epetan kobratuko ditu.

Irurtzungo Udalak jakinarazi duenez, udan igerilekua erabili nahi dutenei ordainagiriak kobratuko die. Kobratzeak bi epetan eginen ditu udalak: maiatzaren 27an eta garagartzaroaren 15ean. Egun bakoitzean tasaren erdia kobratuko du, beti ere, ordainagiriak helbideratuak dituztenei. Igerilekuko bazkide izan eta kuota helbideratu gabe dutenek Irurtzungo edozein banku edo kutxetan edo udaletxean bertan txartelarekin egin dezakete ordainketa. Ordainagiria helbideratuta ez dutenek tasa osotasunean ordaindu beharko dute. 

Tasak 
Uda guztian igerilekua erabili nahi dutenek adinaren arabera honako kuotak ordaindu beharko dituzte: bat ere ez 5 urte baino gutxiago dutenek; 5 eta 14 urte bitartekoek 56 euro; 14 eta 18 urte artekoek 67 euro; 18 eta 65 urte artekoek 89 euro eta Irurtzunen eta Arakilen erroldatutako 65 urtetik gorakoek sarrera dohainik dute. 65 urte baino gehiago izan eta Arakil edo Irurtzunen erroldatuta ez daudenek 35 euro pagatu beharko dituzte. 

Eguneko sarrerak honakoak dira: dohainik 5 urte arte; 5 eta 14 urte artekoak 4,5 euro; 14 eta 65 urte artekoak 7 euroa eta 65 urtetik gorakoek dohainik bi udalerritan erroldatuta badaude eta haietan erroldatuta ez daudenak 3 euro. 

15 eguneko txartelengatik 30 euro ordaindu beharko dituzte 5 eta 14 urte artekoek eta 50 14 eta 65 urte artekoek. Azkenik, 65 eta bi udalerrietako batean erroldatuta ez daudenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. 

Familia bonuei dagokienez, joan den urtean eskatu zutenek ez dute, atzera ere, eskatu beharrik. Eskatzaile berrien kasuan baldintzak dira bi gurasoak igerilekuko bazkideak izatea. Guraso bakarreko familien eskura ere izanen da bonu hori. Irurtzungo Udalak deskontuak eginen dizkiete 18 urtetik beherako seme-alaba bakoitzarengatik. Hala, adingabeko seme-alaba bakarra dutenek 490 euro ordaindu beharko dituzte; bi dituztenek 35 euro eta adingabeko hiru seme-alaba edo gehiago dituztenek, berriz, 30 euro. Joan den urtean familia bonua eskatu ez zutenek aurten eskatu nahi badute, epea ostiralean despedituko da. 

Langabeek, baldin eta Irurtzunen erroldatuta badaude, bazkide tarifa indibidualaren erdia ordaindu beharko dute. Ordainketak helbideratuta dutenei garagartzaroaren 20an kobratuko diete, kuota bakarra izanik. Langabezia egoera egiaztatzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren txartela aurkeztu beharko dute. Irurtzungo Udalak gaztigatu duenez, familia bonoa eta langabezian egoteagatik deskontuak bateraezinak dira, beraz, aukera hori dutenek bata edo bestea aukeratu beharko dute.