Mendiko ibilbideak berritzeko agindua

Guaixe 2022ko mai. 10a, 10:02
Trinitateko ermita eta Erga mendiaren magala. ARTXIBOA

Parte hartze aurrekontuen bidez irurtzundarrek erabaki hori hartu dute. Irurtzungo Udalak aurreikusitako 70.000 euroak horretara bideratuko ditu. Gainera ur biltegi gainean begiratokia egitea eta Plazaola bide berdean atseden guneak sortuko ditu.

Irurtzundarrek parte hartze aurrekontuen bidez aurkeztutako lau aukeretako baten alde botoa emateko aukera izan zuen otsailaren 7tik 19ra. Udalaren 70.000 eurori zer erabilera eman erabakitzeko aukera baliatu zutenak 256 herritar izan ziren. Herri kontsultan babes handien lortu zuen proiektua mendiko ibilbideak berritzearena izan zen. Haren alde egin zuten 101 irurtzundarrek, hau da, botoen %39,45. Irurtzundarren antzeko babesa lortu zuten beste bi proiektuk: Barraketarako esparrua asfaltatu edo hormigoituren aldeko 56 boto izan ziren (%21,87) eta Larrazpi gazte elkarteko sukaldea, leihoak, elektrizitate azpiegitura eta beste berritzearen alde 52 herritarrek egin zuten (%20,31). Babes gutxien lortu zuen proiektua, 45 boto (%17,57) hilerri pareko kaleko asfaltoa konpontzea proposatzen zuena izan zen. 

Aurrekontu parte hartzaileak sustatzen dituen taldeak jakinarazi duenez, irurtzundarrek herri kontsulta erabili dute 49 proposamen egiteko eta auzoetan eta kaleetan dauden arazo txikien berri jaso dute horrela. Horiek guztiak udalari jakinarazi dizkiote. Aurrekontu txikia eskatzen duten lanak udalak berak eginen ditu. 

Proiektua
Herritarrek aukeratutako proiektu horren bidez SL-NA 138 ibilbidea, Saien balkoia delakoa, berriro homologatzea eta Irurtzun eta Latasa herriak lotuko dituen beste ibilbide bat sortzea aurreikusten da: Ergako bira. Bide berri hori, Plazaolako aparkalekutik abiaturik, SL-NA 138 tokiko ibilbidea hartuta Trinitaterantz joko du, ondoren ermitarantz desbideratuz. Erga mendi gaineko ermitatik Latasaraino jaitsiko da, handik, Arrantzaleen bidea hartu, Orazulotik pasatu eta abiapuntura iristeko. Dagoeneko Bi ahizpeko jaitsierako lanak eginak daudela jakinarazi du Aitor Larraza Carrerak.  

Hori egiteko eta gehiagorako ematen du 70.000 euroko aurrekontuak. Baina alkateak argitu duenez, "ez du ematen lehen bi proiektuak egiteko, hau da, mendiko bidea berritu eta barraketarako esparrua asfaltatu edo hormigoiztatzeko". Horregatik, Irurtzungo Udalak erabaki du "lehen proiektua indartzea eta beste lan batzuk gehitzea. Esaterako, Plazaola bide berdeko ibilbidean hiru atseden gune sortzea, autokarabanendako gunean tren geltoki jolastokia egitea, aparkalekua konpontzea, ur biltegirako bidea asfaltatzea (3-4 metro zabal) eta ur biltegi zaharraren gainean begiratoki bat egitea". 

Bestetik, Irurtzungo Udalak jakinarazi du igerilekuak garagartzaroaren 10etik irailaren 11ra zabalik egonen direla. Han lan egiteko launa sorosle eta mantenuko langile behar ditu. Taberna ere eman nahi du. 

Irurtzunen parte hartze aurrekontuen bidez egindako inbertsioak
Urtea Lana Kopurua
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu. 20.000
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu. 20.000
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu 20.500
2014 Atakondoako aldagelak. 35.000
2015 Karpa. 35.000
2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea. 35.000
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea. 35.000
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea. 35.000
2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea. 35.000
2020 Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea.  35.000
2021 COVID-19 pandemiagatik ez zen parte hartze aurrekonturik izan. 0
2022 Mendiko ibilbide berritzea, ur biltegi zaharraren gainean begiratokia egitea, Plazaolako bide berdean 3 atseden gune  70.000*
*2021eko eta 2022ko diru kopuruak batuta.