Txirrindularitza

1.500 txirrindularik osatuko dute La Peluso

Guaixe 2022ko mai. 6a, 12:51

La Peluso martxa zikloturistaren bigarren edizioa izanen da bihar, larunbata

Bihar, larunbata, 8:30ean abiatuko da II. La Peluso Zikloturista Martxa. 1.500 txirrindularik eman dute izena eta horietatik 1.000 proba luzean ariko dira, gainontzekoak ibilbide laburrean.

Proba luzea (138 km) gogorra eta gorabeheratsua da guztiz: zortzi portu dira –Goñi, Ultzurrun, Madotz-Zuarrarrate, Uitzi, Usategieta, Saldias, Berueta eta Madotz-Zuarrarrate, azkenekoz–, eta Goñi, Irurtzun, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Orokieta, Lekunberri eta Irurtzun biltzen ditu.  Ibilbide motzak 89 km ditu eta lau portu: Goñi, Ulzurrun, Madotz-Zuarrarrate eta Zia. 

1.500 partaide asko dira eta herriko ostatu, jatetxe eta tabernetan izugarri nabaritzen da. Asko aspaldi beteta daude. Giro ederra izaten da Irurtzunen. Herri bazkariaren ondoren, arratsaldean omenaldien tartea izango da. Aurten urte hasieran zendutako Antonio Martinez Chapas, Enrique Sanz txirrindulari ohia eta 1981, 1982 eta 1983 urteetako Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko dituzte, eta Aralar Txirrindularitza Taldeari euren alde egindako diru bilketan jasotakoa emango diote. 

Aurtengo nobedadea igandean, maiatzaren 8an, 10:00etan antolatu duten I. La Peluso taldekako erlojupekoa da. Hamabost taldek eman dute izena eta polita izango dela uste du antolakuntzak. 36 kilometroko tartea osatu beharko dute, Ultzamako Itzulia.