Txirrindularitza

La Peluso, lehena, oraina eta geroa

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 11a, 14:30
La Pelusoko boluntarioak. Goian, eskuinean, txuriz, Santi Moreno Moreno. LA PELUSO

1.500 txirrindularik hartu zuten parte larunbatean Irurtzunen antolatutako La Peluso martxa zikloturistan eta 15 talde lehiatuko ziren igandeko La Peluso taldekako erlojupekoan. Santi Moreno irurtzundarra da guztiaren arima

La Peluso martxa zikloturistaren bigarren edizioan 1.500 txirrindularik hartu zuten parte larunbatean Irurtzunen. Denbora gutxian, proba entzutetsua bilakatu da. Santi Moreno Moreno txirrinduzale amorratua da La Pelusoren arima. "1984an Reynolds txirrindularitza eskola sortu zen eta ni txirrindularia nintzen, kadeteetan utzi nuen arte. 40 urteak gertu nituenean bizikletan hasi nintzen berriz. Behin, kafetegi batean Nuestro ciclismo, por un equipo Movistar Team-eko Abarca Sports-ek 2015ean argitaratutako liburua ikusi nuen, Irurtzungo Reynolds taldearen ibilbide guztiaren berri ematen zuena. Guztia Pelusorekin hasi zen. Flipatuta geratu nintzen, eta handik gutxira La Peluso zikloturista martxa antolatzea bururatu zitzaidan" azaldu du Santi Morenok. 

Nor zen Peluso?
Jesus Legarra, Peluso, ostalaritza enpresari irurtzundarra zen. Nuevo Legarra taberna kudeatzen zuen bere anaia Joserekin batera. Aurrerago Sonhar diskoteka mustu zuen Irurtzunen, sona handia izan zuena. Pelusoren pasioa txirrindularitza zen, eta 1970. urtean Irurtzungo Alai-Nuevo Legarra txirrindula taldea sortu zuen, jubenilen mailakoa. Irurtzungo Alai gazteak orduko klub bat zen, gazteen bilgunea. "Peluso zen txirrindularitza taldeko zuzendaria. Bere anaien eta Antonio Martinez "Chapas" Irurtzungo Alai elkarteko beste kide baten laguntzarekin aritzen zen. Oso pertsona hurbila zen, zalameroa, eta jendeak estimu handian zuen. Lehen talde horretan Joxe Andueza lakuntzarra, Felix Corres lizarrarra –lasterketa ugari irabazi zituena–, Eusebio Unzué eta beste hainbat zeuden. 1974an Inasa Reynolds enpresa babesle sartu zen, eta taldeak Irurtzungo Alai-Reynolds izena hartu zuen. 1976an taldeak afizionatuen mailara egin zuen salto, Reynolds izenarekin. Peluso, bere anaia eta Eusebio Unzué ibili ziren zuzendari, tartekatuz" gogoratu du Morenok. 1977 urtean Jose Miguel Echavarrik Hector Rondán txirrindulari uruguaidarra lotu zuen Reynoldserako, eta Unzuérekin batera taldeko zuzendari lanetan hasi zen. 

Santi Moreno: "Peluso izena aipatu eta guztiok lagundu  nahi dute. Oso estimatua zen".

Reynolds, profesionala
1980. urtean profesional mailara salto egin eta Reynolds sortu zen, Movistar Team taldearen oinarria dena. Jose Miguel Echavarri zen zuzendaria, Inasako zuzendari nagusi Juan Garcia Barberenaren babesarekin. "Taldea sortzeko 12 milioi pezeta eta erdi behar omen ziren, eta Barberenak 15 milioi jarri zituela esaten da. Peluso lehendabiziko Espainiako Vueltan Reynolds taldeko autobus gidari lanetan ibili zen eta taldean oso preziatua zen, baina familia negozioek tarte gehiago eskatzen zioten eta taldea uzten joan zen" gaineratu du Morenok. Reynoldsen lehen urte haietan Irurtzungo Alai taldeko Antonio Martinez "Chapas" presidenteak eta Pello Alzueta idazkariak lan handia egin zuten. 

Reynoldsen urrezko urteak
Reynoldsek hiru garaipen lortu zituen bere lehen urtean, 1980 urtean. Izokin koloreko maillot mitikoa hamabi txirrindularik jantzi zuten, horietatik hamar afizionatuetatik igotakoak eta gehienak euskaldunak: Miguel Acha, Juan Maria Azkarate, Vicente Iza… Jose Luis Laguía ezaguna, Reynoldsekin hamaika garaipen lortu zituena, lehen urtetik izan zen Reynoldseko taldekide. Dominique Arnaudek Espainiako Vueltan taldearen lehen garaipena lortu zuen 1980an, Leonen. "Taldeak sekulako proiekzioa zuen. 1981an Laguíak Espainiako Vueltako mendiko txapelketa irabazi zuen, eta 1982an Angel Arroyo taldera iritsi zenean taldeak gora egin zuen. Orduko promesa onenek, Pedro Delgadok eta Julian Gorospek ere Reynoldsera egin zuten salto. Eta garaipenak bata bestearen atzetik iritsi ziren. 1983an Arroyok Tourreko kronoeskalada irabazi zuen eta hori sekulakoa izan zen. Tourrean bigarren sailkatu zen Arroyo. Urte horretan bertan Reynoldseko afizionatuen taldeko Miguel Indurainek Espainiako Txapelketa irabazi zuen eta beste izar bat jaio zen" adierazi du Morenok. 

Txirrindulazaleek Reynolds bere egin zuten. 1984an Arroyok Tourrean beste garaipen bat lortu zuen eta Indurainek Reynolds profesionalen taldean debutatu zuen. 1985ean Arroyok eta Delgadok Reynolds utzi zuten, baina Indurainek Vueltako liderraren maillota jantzi zuen lau jardunalditan eta Chozasek etapa bat irabazi zuen Tourrean. 1986an Indurainek Tour del Porvenir irabazi zuen eta Marc Gomezek Vueltako bi etapa, eta Angel Arroyo taldera itzuli zen. Eusebio Unzué sartu zen kirol zuzendari, Echavarrirekin batera. 1987an Indurainek bederatzi garaipen lortu zituen eta 1988 urtea gakoa izan zen, Perico Delgado Reynolds taldera itzuli eta Tourra irabazi zuelako. Sekulako booma izan zen. "Garai hartan estatuan talde asko zeuden: Zor, Kelme, Kas… baina nik esango nuke Reynolds 80. hamarkadako talderik adierazgarriena izan zela" azpimarratu du Morenok. 

1989an Banesto sartu zen Reynoldsekin batera taldeko babesle. Delgado hirugarren izan zen Tourrean eta Indurain Paris-Nizan gailendu zen eta Tourreko Pirinioetako etapa irabazi zuen. 1990 urtetik aurrera Reynoldsek babesle izateari utzi eta Banesto izena hartu zuen taldeak, eta Indurainen urrezko garaia hasi zen. Egitura bera baina Banesto, Illes Balears, Caisse D´Epargne eta Movistar Team izenak iritsi ziren gero, baina hori beste historia bat da. 

Santi Moreno: "Txirrindularitza sustatu nahi dugu, herrira proba gehiago ekarri"

Reynolds eskola
Reynolds profesional taldea loratzen zen bitartean, 1984. urtean Reynolds eskola sortu zen Irurtzunen. "Reynoldsek maillotak eta diru laguntza ematen zuen eta eskolaren ardura gurasoek eta zaleek zuten. Guretako Reynoldsen maillota janztea sekulakoa zen, nahiz eta gero lasterketetan Aralar klubeko Salmenekoek sekulako pasadak ematen zizkiguten" dio irribarrez Morenok. Oroitzapenak politak dira. "Lasterketa, bokadilloa, Kas laranja, eta dominaren bat lortzen bazenuen mundiala zen. Burundakoak, Aralarkoak eta gu lehiatzen ginen batez ere, Sakanako ia herri guztietan antolatzen ziren lasterketetan. Denboraldia Sakanan egiten genuen gehienbat; tarteka Lekunberrin lasterketaren bat, eta gero Iruñekoa, Baiona Etorbidekoa. Gaur egun kirol gehiago daude, guztia dibertsifikatu da eta txirrindularitzako lasterketak Nafarroa osoan egiten dira" gaineratu du. 

Reynolds talde profesionalaren aurkezpenak Irurtzunen bertan egiten ziren, eta txirrindulari izarrak gertutik ikusten zituzten. "Guretako sekulakoa zen. Delgado, Arroyo, Laguía, Gorospe, Indurain... han bertan zeuden. Argazkia, boligrafoa, egutegia… denetatik ematen ziguten" gogoan du. Tamalez, Reynolds eskola desagertu zen, "ziurrenik profesionalen taldea Banesto bilakatu zenetik. Hala izango zen". 

La Peluso, arrakastatsua
Santi Morenori 2017an bururatu zitzaion La Peluso zikloturista martxa antolatzea, "txirrindularitzak Irurtzunen izan zuen historia guztiagatik". Urte luzez bizikletan ibili eta masters eta bestelako txirrindularitza probetan parte hartzen duten bere anaia Angeli eta haren koinatu Alex Maiari ideia aipatu zien eta polita iruditu zitzaien. Urte horretan bertan Peluso hil egin zen, eta martxarekin aurrera egitea erabaki zuen Morenok. Proba Nafarroako Txirrindularitza Federazioaren bitartez antolatu nahi zuen, eta horretarako kirol klub talde bat izan behar zen antolatzailea. "Alex Maia Dos Hermanas Txirrindularitza Taldeko presidentea zen, eta haren baiezkoa jasota, La Pelusoren lehen edizioa Dos Hermanas taldeak antolatuta egin genuen. Beranduago, Irurtzun Taldea kirol elkartea sortu genuen eta egun klub hori da antolatzailea" azaldu du. 

La Pelusoren ibilbideak zehaztea izan zen hurrengo pausoa. "Irurtzun toki pribilegiatua da: Gipuzkoatik eta Arabatik gertu gaude, eta Iruñea ukitzen dugu. Bestalde, ibilbidea antolatzeko aukera asko ditugu: Goñira jo dezakegu, Etxaurira, Larraunera, Ultzamara, Sakanara… eta beste elementu garrantzitsu bat: bigarren mailako errepideak dira, kamioi gutxi ibiltzen direnak. Ibilbidea bururatu zitzaidan, anaiari eta Maiari aipatu, eta aurrera egin nuen" dio. Proba luzea (138 km) gogorra eta gorabeheratsua da guztiz: zortzi portu dira –Goñi, Ultzurrun, Madotz-Zuarrarrate, Uitzi, Usategieta, Saldias, Berueta eta Madotz-Zuarrarrate, azkenekoz–, eta Goñi, Irurtzun, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Orokieta, Lekunberri eta Irurtzun biltzen ditu. "Kanpokoei asko gustatzen zaie, paisaiarengatik, guztia berde-berde dagoelako. Egia esan, ikusgarria da". Ibilbide motzak 89 km ditu eta lau portu: Goñi, Ulzurrun, Madotz-Zuarrarrate eta Zia. 

Omenaldiak
2019an jokatu zen 1. La Peluso eta sekulako arrakasta izan zuen. "Oso baikorra naiz, berez, eta harrera oso ona izango zuela espero nuen" dio Morenok. Probaren izenak ateak zabaltzen ditu. "Peluso izena aipatu eta jende guztiak lagundu nahi zuen. Pello Alzuetak eta Chapasek Reynolds-eko txirrindulari ohiekin jarri ninduten harremanetan, eta Miguel Indurainek hainbat lasterketa ezagunetako zuzendari Miguel Sabalzarekin. Guztiek lagundu eta parte hartu nahi zuten eta dute" aitortzen du. 

Azkenean 965 partaide izan zituen lehen edizioak, "izena ematea gelditu genuelako". Edizio hartan 1980ko Reynoldseko txirrindulari ohiak omendu zituzten, Antonio Martinez Chapas, 2017an zendutako Peluso eta 2018an zendutako Pello Alzueta. "Chapasek eskerrak eman zizkidan, baita gainontzeko omenduek ere" dio Morenok. 2020an eta 2021ean ezin izan zen ospatu, pandemiagatik, eta 2021ean La Peluso BTT Xtreme proba antolatu zuten, 340 partaideekin. "Finean guk Irurtzunen txirrindularitza sustatu nahi dugu, herrira lasterketa gehiago ekarri. Anbizio hori dut. Horrela sortu zen ere asteartean Emakumeen Nafarroako Klasikoko lehen etapa Irurtzunen jokatzea, La Peluso ibilbidean, Irurtzun eta Arakil udalekin elkarlanean" azpimarratu du Morenok. 

Aurtengo nobedadea igandean, maiatzaren 8an, 10:00etan antolatutako I. La Peluso taldekako erlojupekoa izan da. "Hamabost taldek eman zuten izena eta polita izan zen. 36 kilometro izan ziren, Ultzamako Itzulia" dio. 

Aurretik, larunbatean, 8:30ean abiatu zen II. La Peluso Zikloturista Martxa, giro ederrean. 1.500 partaide asko dira eta herriko ostatu, jatetxe eta tabernetan izugarri nabaritzen da. Asko aspaldi beteta zeuden. "Sailkapena argitaratzen dugu txirrindulariek gustuko dutelako, baina hau erronka da, ez da lasterketa bat. Bazkaldu ondoren opari loteak zozketatu genituen eta ondoren omenaldia egin genuen. Aurten urte hasieran zendutako Antonio Martinez Chapas, Enrique Sanz txirrindulari ohia eta 1981, 1982 eta 1983 urteetako Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko zituzten. "Aurreko edizioan bezala, guztiak egon ziren, Perico Delgado izan ezik, Castellongo beste lasterketa bateko enbaxadore zelako. Baina Arroyo, Gorospe, Acha, Segura, Zuñiga, Hernandez, Prieto, Laguía, Gorospe... egon ziren. Baita Indurain eta beste, eta askok proba osatu zuten. Bukatzeko, Aralar Txirrindularitza Taldeari euren alde egindako diru bilketan jasotakoa eman zioten, "klubak 42 urte daramatzalako lanean eta Irurtzungo txirrindulariak bertan trebatzen direlako".