Astekaria

"Alabarekin, Sakanako Ibilaldia bereziagoa izan da"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 10a, 12:30

Maider Iragi Moreno Jone bere alabarekin. UTZITAKOA

Iratxok antolatutako Sakanako Ibilaldian parte hartu zuten 1.174 mendizaleen artean Maider Iragi Moreno irurtzundarra eta bere alaba Jone izan ziren

Aurretik Sakanako Ibilaldiko Ibilbide Luzea egin izan duzu (54 km), baina aurten Ibilbide Motza (25 km) egin duzu. Zer moduz aldaketarekin?
Ongi. Ibilbide Luzea bitan egin izan dut, duela hiru urte eta lau urte, baina aurten prestatzeko denborarik ez nuen. Bestalde, nire alaba zaharrena, Jone, Ibilaldi Motza egitera animatu nahi nuen, ibilbidea elkarrekin egiteko. 13 urte bete ditu eta aurreko urteetan Ibilbide Txikia (14 km) egin izan du, eta Motzerako saltoa egitera animatu nahi nuen. Kirolaria da, atletismoa egiten du eta ohituta dago kirola egiten eta sufritzen, hortaz saltoa egiteko aukerak ikusten nizkion. Gainera, Ibilbide Motzean, Latasara heltzean, Trinitatea igo beharrean, Arrantzaleen Xendatik Irurtzunera zuzenean igotzeko aukera dago, eta oso nekatuta egonez gero, aukera hori gordeta genuen.

Zeinen esperientzia polita alabarekin Sakanako Ibilaldia egitea, ezta?
Bai. Gainera, ibilbidea bukatzea lortu genuen. Banekien luzea egingo zitzaigula, berari batez ere, ez dagoelako hain ohituta, baina aurreko egunetan Gaztelun, Txurregin eta inguruko mendietan ibili zen prestatzen. Sakanako Ibilaldiko egunean bere adin inguruko beste kuadrillatxo batekin elkartu zen, bere lehengusu bat ere animatu zen, eta azkenean gurekin hasi zen baina bere kabuz bukatu zuen Sakanako Ibilaldia. Hasieran pena ere eman zidan, Ibilbide Motza egiten zuen lehen urtea zelako eta nik elkarrekin egiteko ilusioa nuelako, baina lagunekin egitea oso polita iruditu zitzaidan, datorren urtetarako trebatuta daudelako eta beraiek bakarrik ere parte hartzera animatu ahal direlako.

Ibilbide Luzea eta Ibilbide Motza egin dituzu. Zeinekin geratzen zara?
Bakoitzak berea du. Luzea oso oso berezia da, Sakana ia guztiari ematen diozu paseoa eta esango nuke giroa ere ezberdina dela. Motzean adin ezberdinetako jende gehiago dago: gazteagoak, helduagoak... familiartekoagoa bezala da, nahiz eta Ibilbide Txikian hor bai haurrak eta familiak egoten diren. Luzea alde batetik serioagoa bezala izaten da.

Beriain, Aralarko San Migel eta gero Trinitatea igotzeak pisu gehiago balu bezala?
Erronka handia da, jakina, batez ere duen desnibelarengatik. Metro asko igo behar dira. Eta Beriain jaitsi ondoren segidan Aralar igotzea... Berez jaitsierak gogorrak dira, Beriaingo jaitsiera ere, eta Aralar ongi igotzeko Beriain ez da oso indartsu jaitsi behar, bestela asko sufritzen da. Horregatik, Aralarrera iristerakoan martxaren pauso handi bat egina dagoenaren sentsazioa izaten da.

Bukaeran zein giro zegoen Irurtzunen?
Eguna bikaina izaten da. Plazan sagardo kupela jartzen dute, txistorra eta salda banatzen dira, eta izugarrizko giroa egon zen. Jendea etxera joateko penaz zegoen. Iritsi eta bezain pronto antolatzaileei esan nien beste urte batez guztia bikain atera zela. Izan ere, izugarrizko lana da Sakanako Ibilaldia prestatzea. Denbora askorekin hasten dira prestatzen, baina gero jendea horren gustura ikusten duzu... Uste dut Sakanako Ibilaldia irurtzundar guztiendako egun pozgarria dela eta egun berezia bezala bizitzen dugula. Beraz, atzera ere Iratxokoak eta boluntarioak zoriondu eta eskertu nahi ditut, izugarrizko lana egin eta guretako halako egun dotorea prestatzeagatik. Eguraldiak ere lagundu zuen, nahiz eta mendi kaskoetan laino pixka bat egon, baina tenperatura aldetik bikain zegoen, ibiltzeko dotore.

Beste probatan aritzen al zara?
Lehen gehiago, korrika. Triku Traila egin izan dut, Lakuntza-Aralar mendi lasterketa, Nafarroako beste lasterketa batzuk... baina orain gutxiago. Lasterketetan baino, neure buruarekin lehiatzen dut. Asko gustatzen zait mendian ibiltzea eta aspalditik korrika pixka bat egiten dut.

Hemendik aurrera, zein asmo dituzu?
Sakanako Ibilaldia bukatu nuenean pentsatu nuen aurten Triku Traila egiteko aukera paregabea dudala, distantzia horretarako erdi prestatuta nagoela, eta uste dut izena emango dudala. Beraz, hurrengo erronka Triku Traila izango da.

Alabari mendian segitzeko harra piztu al zaio?
Nik uste dut baietz, jarraituko duela. Hasieran zalantzekin zegoen, baina plazara iritsi zen eta esan zidan: zeinen gustura ama, hurrengo urtean berriz, eta saiatuko naiz lagun gehiago animatzen. Asko poztu ninduen.

Datorren urteko Sakanako Ibilaldian Ibilbide Luzera itzuliko zara?
Hurrengo urtean berriz Ibilbide Luzera itzuli nahiko nuke. Uste dut denborarekin hartuta, gai izango naizela prestatzeko, eta nire herriko neska batzuk animatu nahi ditut. Esan zutenez, aurten neska gutxi animatu ziren luzea egitera, eta ea animatzen garen.