Aixita bertso tronua txapeldunaren zain

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 9a, 13:20
Eli Pagolak irabazi zuen lehenengo Aixita bertso sariketa. ARTXIBOA

II. Aixita Bertso Sariketa jokatuko da maiatzaren 14an, larunbata, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan. Sei bertsolarik parte hartuko dute. Sarrerak doan dira, eta ondoren eginen dute afarian parte hartzera gonbidapena luzatu du antolakuntzak.

Urtero antolatzeko bertso sariketa gisa sortu zuten Aixita Bertso Sariketa duela pare bat urte. "Lehendabiziko gauza pentsatu genuena gelditzeko sariketa bat izatea nahi genuela izan zen. Ez genuen urte bakar batean egiten den zerbait izatea". 2020an lehenengo edizioa egiteko dena prest zuten, baina pandemiagatik urte bat atzeratu behar izan zuten bertso sariketaren mustutzea. 2021ean egin zuten, beraz, I. Aixita Bertso Sariketa eta balorazio "oso-oso ona" egin zuten, Joana Ziganda Olano antolakuntzako taldeko kideak azaldu duenez. "Aurreko urtekoa emozio eta ilusio handiz prestatu genuen, baita beldur puntu batekin ere berria zelako". Oso kalitate oneko saioa izan zela esan zuten ikusleek eta bertsolariek. "Saio borobila izan zen". Datozen edizioetarako hobekuntza proposamenengatik galdetu zuten, eta aurtengo saioa prestatzeko horiek kontuan hartu dituzte.

Aixitako txapeldunak
I. Aixita Bertso Sariketako txapelduna Eli Pagola izan zen. Saioa Alkaizak, egun Nafarroako Bertsolari Nagusiko Txapelduna, Iker Gorosterrazuk, Xabi Igoak, Maddi Ane Txoperenak, Imanol Uriak eta Pagolak parte hartu zuten. Irurtzungo kultur etxean egin zuten saioa, eta Imanol Uria eta Eli Pagola iritsi ziren buruz burukora. Kultur etxea bete zen eta giro goxoa eta berezia sortu zela esan zuten antolatzaileek.

II. Aixita Bertso Sariketa maiatzaren 14an, larunbata, izanen da, 18:30etik aurrera, Pikuxar euskal txokoan. Antolatzaileen hasierako nahia Pikuxar euskal txokoan egitea izan zen, "baina ez zen garaiz bukatu, oso berria dugu Pikuxar, eta horregatik kultur etxean egin genuen". Are toa oso polita dela esan du Zigandak, eta, beraz, bertso saioari aukera polita eskaini zion. Bigarren edizioan tokia berrikuntza izango da, hasierako ideia horretara eutsi ahal izan diotelako: Pikuxar euskal txokoko ganbaran izango da, goiko solairuan. "Oso leku aproposa da gauza politak egiteko". Aixita Bertso Saiorako sarrera doakoa da, ez da aurretik izena eman behar, "etortzearekin nahikoa da"; baina behin saioa amaituta antolatzaileek, bertsolariek eta "nahi duen edozeinek" afaria egingo dute, eta antokuntzatik parte hartzeko deia luzatu du. Afaltzera joan nahi duenak aixitabertsosariketa@gmail.com epostara mezu bat bidali behar du. Afaria 15 eurotan da.

Zergatik deitzen da Irurtzunen antolatzen duten bertso sariketa Aixita? Irurtzun eta Arakil aldean ezaguna den izena da Aixita. "Bertso sariketarako izena bilatu behar genuenean zerbait berezia eta inguruarentzako erreferentziala izango zena izatea nahi genuen. Aixita gazteluaz hitz egin genuen orduan". Aixita bi aizpetan kokatuta dagoen gaztelu bat da, Nafarroako Erreinuko defentsa gaztelu bat izan zen, eta azken urteetan hura berreskuratzen lan handia egin dutela azaldu du Zigandak. "Momentu honetan ibilbide polita dago bertara iristeko eta bertara iritsita gazteluaren hondarrak ikus daitezke". Bertso sariketaren izenak, beraz, bi helburu ditu: Aixita ezagutzera ematea eta erreferentziala izatea.

Kartel orekatua

Jatorri eta genero ikuspegitik orekatua izatea dira Aixitako irizpidetako bi 

Bertso sariketan parte hartzeko bertsolariak lotzeko hasieratik irizpide nahiko argiak utzi zituzten: alde batetik, herrialdeka oreka bilatzen zuten, hau da, Euskal Herriko herrialdeak ordezkatuta egotea nahi zuten. Bestetik, 30 urte inguru bertsolariak izatea nahi zuten, "gazte-gazteentzako sariketa asko daudelako, baina iristen da momentu bat, urteak pasa ahala, plazak gutxitzen direla". Genero ikuspegitik ere oreka bilatzen dute.

Sei bertsolarik parte hartuko dute, beraz, II. Aixita Bertso Sariketan; bi gipuzkoar, bi nafar, bizkaitar bat eta lapurdiar bat. "Arabako Bertsolari Txapelketa garai honetan denez, oso zaila izan genuen inor konprometitzea, eta horregatik bi gipuzkoar egongo dira", azaldu du Zigandak. Aissa Intsausti bizkaitarra, Maialen Akizu eta Ane Labaka gipuzkoarrak, Saats Karasatorre etxarriarra eta Aitor Irastorza nafarra eta jaiotzez gizpukoarra den baina Lapurdin bizi den Iker Altuna.

Sariketa 18:30ean hasiko da eta lehendabizi kanporaketa saioa egingo dute. Bertsolariek zortziko handian, ofizioka, zortziko txikia, Iparagirre eta kartzelako lanean puntu erantzuna eta gai bati bi bertso ariketak egin beharko dituzte. Kanporaketa honetan puntu gehien lortzen dituzte bi bertsolariak buruz burukora pasako dira, atsedenalditxoaren ondoren egingo dutena. Finalistek hamarreko txikiak, puntuka hiru bertso osatu, seiko motza eta gai bati hiru bertso ariketak egin beharko dituzte. "Nahiko exigentea da. Lan handia egin beharko dute". Gai jartzailea Zigor Gartzia Zian izango da, "esperientzia handia du gaiak jartzen".