'Mendiak 1976' filmaren emanaldia Irurtzunen

Guaixe 2022ko mai. 9a, 14:19
'Mendiak 1976' filma. UTZITAKOA

Mendi Jarduerak programaren barruan, Iruñeko kuadrillako batek Shakaur gailurrera egindako espedizioa kontatzen duen filmaren emanaldia eta Luis Arrieta zuzendariarekin solasaldia eginen dute maiatzaren 20an.

1976an Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen 7.116 metroko Shakahur gailurrera iritsi zenean, Afganistanen. Lehenengo euskal zazpimilakoa izan zen. Gailurreko lorpenaren alaitasuna tristura bihurtu zen, jaitsieran istripu bat gertatu zelako, eta espediziokideetako bat hil egin zelako eta beste bat larriki zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker, bigarrena bizirik salbatzea lortu zuten eta ordutik nafarren eta poloniarren arteko adiskidetasuna mantentzen da. Istorioa Mendiak 1976 film jaso du Luis Arrietak, eta maiatzaren 20an, ostirala, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean ikusteko aukera izanen da. Bertan zuzendariak solasaldia eginen du ondoren.

Film dokumentalaren emanaldia Iratxo elkarteak eta Irurtzungo Udalak antolatutako Mendi Jarduerak programaren barruan eskainiko dute, eta sarrerak hiru eurotan eros daitezke Irutzungo Udaleko webgunean eta kultur etxean. 

Mendi Jarduerak egitaraua

  • Maiatzak 13, 18:00-20:30; maiatzak 14, 09:30-13:30
    Mendian galdu gabe ibili nahi? Oruxmaps eta wikiloc oinarrizko ikastaroa.
    Irakaslea: Eneko Razkin
  • Maiatzak 15, igandea, 20:00
    Mendial hil, hirian hil dokumentala eta solasaldia Iñaki Peña Bandres zuzendariarekin
  • Maiatzak 20, ostirala, 20:00
    Mendiak 1976 filmaren emanaldia eta Luis Arrieta zuzendariarekin solasaldia
  • Maiatzak 22, igandea, 20:00
    Oman, Persiako Golkoan eskalatzea Joseba Arlegi eskalatzailaren proiekzioa