Festei hasiera zeinek emanen dio?

Guaixe 2022ko mai. 10a, 13:01

Irurtzundarrek 2019an erabaki zuten Pablo Burgi Ronkalek piztuko zuela etxajua. ARTXIBOA

Irurtzundarrek etxajua pizteko hautagaiak proposa dezakete maiatzaren 30era arte.  Kultur Kontseiluak bi edo hiru hautagai aukeratuko ditu herri bozketara. Festetako kartela aukeratzeko lehiaketa martxan dago ere. 

Aurtengo festak iragarriko dituen etxajua piztuko duen pertsona edo taldea proposatzeko aukera dute irurtzundarrek. Horretarako, Irurtzungo Udaleko webgunean dagoen proposamen orria bete eta hura kultur etxean utzi edo hara bidali beharko dute kulturetxea@irurtzun.eus e-posta helbidera.  Horretarako, hilaren 30era arteko epea dute. Kultura Kontseilua garagartzaroaren 1ean elkartuko da eta jasotako proposamenak eta haien merezimenduak aztertu ondoren gehienez hiru proposamen eta gutxienez bi aukeratuko ditu. Hautatutako horien artean aukeratu beharko dute irurtzundarrek. Horretarako, herri bozketa eginen da, garagartzaroaren 17tik 23ra, eta botoa udaletxean, www.irurtzun.eus edo Irurtzun aplikazioaren bidez emateko aukera izanen da. 

Festetako kartela

Maiatzaren 30ean amaituko da Irurtzungo festetako XXX. kartel herri lehiaketa ere. Helburua festene egitarauaren azala aukeratzea da eta gaia, beraz, Irurtzungo Festak izanen da. 2022ko urtarrilaren 1etik Irurtzunen erroldatuta dagoen edonork parte har dezake, haur kategorietan izan ezik, ez baita beharrezkoa erroldatuta egotea. 

Parte hartzaileak hiru taldetan banatuko dira, adinaren arabera: bi haur kategoria eta helduen kategoria. Lehenengoan 5 eta 10 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute, bigarrenean 11 eta 14 urte bitarteko haurrak eta hirugarrenean, helduen modalitatean 15 urtetik gorako pertsonek parte hartuko dute. Kartelak aurkezteko plika sistema erabili beharko da, hau da, lana sinatu gabe egonen da, eta atzeko aldean egileek aukeratutako lelo edo ezizena bat jarri beharko dute, beste kartazal bat erantsi beharko dute eta kanpoko aldean izen hori jarri. Kartazalaren barruan egileari buruzko datuak idatzi beharko dira (izena, abizenak, adina, bizilekuka, helbidea eta telefonoa). 

Lanetan Irurtzungo Jaiak / Uztailak 20-24 Julio - 2022 / Fiestas de Irurtzun testua agertu beharko da, eta modalitatearen arabera neurri bat edo beste izanen dute. Helduen modalitatean kartela kartulina edo euskarri gogorraren gainean aurkeztu behar da, eta 42x60 cm. neurria izanen dute, eta haurren modalitatean kartulina gainean aurkeztu beharko da eta A3 neurria izanen dute. 

Proposamenak Irurtzungo udaletxean aurkeztu beharko dira 2022ko maiatzaren 30ko 14:00ak baino lehen. Ekainean jakinaraziko dute zein izanen den Irurtzungo festetako kartel iragarlea. Haurren modalitatearen lehenengo taldearen irabazlearen saria 75 euro izanen da, bigarren taldean 100 euro eta helduen modalitatean 400 euro.