Txirrindularitza

Sarah Gigantek Movistarri garaipena eman zion Irurtzunen

Guaixe 2022ko mai. 11a, 09:45
Sarah Gigante, erasoa jo zuenean. MOVISTAR TEAM

La Pelusoren ibilbidean jokatutako Emakumeen Nafarroako Klasikoko lehen etapan Movistarreko txirrindulari australiarrak bere lehendabiziko garaipena lortu zuen, bere taldearen jaioterrian

Movistar Team taldea jatorrietara itzuli zen atzo, asteartea. Irurtzungo Reynolds taldean du jatorria talde urdinak, larunbatean La Peluso martxa zikloturista jokatu zen bertan, eta hain zuzen ere ibilbide hori osatu behar izan zuten atzo, asteartea, Emakumeen Nafarroako Klasikoko lehen etapan parte hartu zuten txirrindulariek, munduko onenak tartean. Eta jaioterrian, garaipen garrantzitsua lortu zuen Movistar Team taldeko Sarah Grande australiarrak, helmugara bakarrik iritsita. 

La Peluso ibilbide oso gorabeheratsua da, Irurtzunen hasi eta despeditzen dena (137 km). Zortzi portu gainditu behar dira, eta egiten zuen beroarekin are gogorragoak izan ziren portu horiek. Askorendako, sufrikario latza. Emakumeen Nafarroako Klasikoan 21 talde lehiatzen ari dira guztira, horietatik sei World Pro Tour mailakoak, munduko onenak. Lasterketa irabazteko faboritoen artean aurreko urteko irabazle Movistar Team taldeko Annemiek Van Vleuten zegoen, baina azkenean ezin izan zuen parte hartu, eskumuturra apurtu zuelako. Baina bere taldekide Sarah Grande australiarrak haren lekukoa hartu zuen eta ikusgarri ibili zen. 

Grandek ihes egindako taldea harrapatzea lortu zuen 100. kilometroan, eta erasoa jo zuen, inork erantzun ezin izan zuena. Abantaila ongi kudeatu zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (4:05:26), Education First taldeko Veronica Ewersi 2:31 minutu aterata. Movistar Team taldeko Paula Patiñok osatu zuen podiuma (2:31). 

Gaur klasikoko bigarren eta azken etapa jokatuko da, Iruñean, beste etapa gogor eta zaila. Movistarrek garaipena lortzeko gogor borrokatuko du.