Irurtzundarrek parte hartze prozesu baten bidez erabakiko dute aurtengo festei hasiera zeinek emanen dion. Kultur Kontseiluari proposamena aurkeztu nahi diotenek www.irurtzun.eus webgunean dagoen proposamenen dokumentua bete eta maiatzaren 30 baino lehen kultur etxean aurkeztu behar dute (kultur teknikariari edo kulturetxea@irurtzun.eus e-postara bidaliz). Hautagaia proposatzearekin batera festen hasierako etxajua pizteko haren merituak aipatu behar dira. Proposatutako pertsona eta taldeen merezimenduak Kultur Kontseiluak aztertuko ditu garagartzaroaren 1ean. Eta gehienez hiru eta gutxienez bi hautagai aukeratuko ditu botazio bidez. Irurtzundarrek udaletxean, www.irurtzun.eus webgunearen edo Irurtzun aplikazioaren bidez herri bozketan hautagaietako baten alde botoa emateko aukera izanen dute garagartzaroaren 17tik 23ra.
Kultur Kontseiluko kideek aukeraketa egiterako garaian kontuan izanen dute hautagaia den pertsona edo taldea irurtzundarra izatea, edo herriko elkarteetan eta/edo herriaren sustapenean parte hartutakoa izatea. Kultur Kontseiluak gaztigatu duenez, talde edo pertsona bakoitzak hautagai bakarra aurkeztu dezake. Eta hautagaitzak aurkezteko epea despedituta, hautagaitza bakarra edo bat bera ere aurkeztuko ez balitz, Kultura Kontseiluak erabakiko du zeinek izanen duen etxajua pizteko ardura.