Txirrindularitza

La Pelusok zapore oso ona utzi zuen

Guaixe 2022ko mai. 17a, 10:30
La Pelusoko irteerako zinta Jose Luis Laguía beteranoak moztu zuen. N. MAZKIARAN

 1.389 txirrindularik osatu zuten II. La Peluso, 18 taldek hartu zuten parte I. Taldekako La Peluso Erlojupekoan eta Sarah Gigantek irabazitako Emakumeen Nafarroako Klasikoko etapak Irurtzungo txirrindularitza egunak borobildu zituen

Eguraldiak ere lagundu nahi izan zuen eta II. La Peluso martxa zikloturista arrakasta handia izan zen. Goizean goiz hartu zuten irteera bizikleta martxan parte hartu zutenak. Izena emanda zeuden 1.500 txirrindularietatik 1.389k osatu zuten ibilbide ez lehiakorra, eta gehienek ibilbide luzea aukeratu zuten, 138 km eta 2.700 metroko desnibela zuena eta bederatzi bailara igarotzen zituena: Arakil, Goñi, Ollo, Iza, Larraun, Leitzaldea, Basaburua, Malerreka eta Imotz. Ibilbide laburrak 89 km eta 1.550 metroko desnibela zuen, eta lehendabiziko 60 kilometroak ibilbide luzearen ibilbide berekoak ziren, baina Lekunberritik aurrera ibilbidea aldatzen zen. Aralar Txirrindulari Taldearen autoek zabaldu zuten bidea. 

Tropelaren artean izen ezagunak zeuden: Miguel Indurain, Carlos Hernandez, Jesus Mari Segura, eta Angel Arroyo Reynolds taldeko txirrindulari ohiak tartean. Izan ere, Irurtzun Taldea kirol elkarteak Reynolds taldeko 1981, 1982 eta 1983 taldeko txirrindulariak omendu zituen aurten. Probaren irteerako zinta Jose Luis Laguia txirrindulari ohiak moztu zuen, Reynoldsen denboraldi gehien aritu zen txirrindulariak. Aipatutakoez gain, Juan Jose Quintanilla, Miguel Atxa, Vicente Iza, Ricardo Zuñiga, Enrique Ajá, Julian Gorospe eta Celestino Prieto zeuden. Perico Delgadok ezin izan zuen hurbildu, beste ekitaldi batean zegoelako. Laguiak aitortu zuen “ilusio handia” egiten ziola La Peluson egotea, eta Irurtzunen txirrindularitza sustatu eta Reynolds sortzeko hazia erein zuen Jesus Legarra “Peluso” zena gogoratu zuen. “Gizon xarmangarria zen, baikorra, taldea alaitzen zuena” azaldu zuen. 

Omenaldiak
Bazkari herrikoiaren ondoren –800 pertsonak bazkaldu zuten, bi txandatan– omenaldiaren txanda iritsi zen. Reynolds taldeko txirrindulari ohiez gain, joan zen urtean Kern Pharma taldean erretiroa hartu zuen Enrique Sanz eta aurten zendutako eta Pelusorekin eta Pello Alzuetarekin batera Irurtzunen txirrindularitza sustatzeko lan handia egin zuen Jose Antonio Martinez “Chapas” omendu zituen antolakuntzak. Halaber, Aralar Txirrindularitza Taldeari euren alde egindako diru bilketan jasotakoa eman zioten. 

Santi Moreno da La Pelusoren antolatzaile eta arima, baina berarekin batera beste 60 pertsona egon ziren lanean antolakuntzan, guztia primeran ateratzeko. Igandean hemezortzi taldek taldekako erlojupekoan parte hartu zuten, zapore oso ona utzi zuena. Bestalde, Emakumeen Nafarroako Klasikoko lehen etapa La Pelusoren ibilbidean jokatu zen eta Sarah Gigante (Movistar Team) gailendu zen.

Hurrengo hitzordua abuztuaren 27an izango da, II. La Peluso BTT Xtreme mendi txirrindularitza martxa.