Ane Labaka, Aixitako txapelduna

Guaixe 2022ko mai. 17a, 11:31
II. Aixita bertso sariketan parte hartu zuten bertsolariak. PIKUXAR

Pikuxar euskal txokoak antolatutako bigarren Aixita bertso sariketa jokatu zen larunbatean elkarteko areto nagusian. Maialen Akizu eta Ane Labaka iritsi ziren buruz burukora, eta, azkenean, Labakak jantzi zuen txapela. 

Pikuxar euskal txokoa emankizunerako bereziki apaindu eta argiztatu zuten Aixita bertso sariketaren giro goxoa emanez. Larunbatean, maiatzaren 14an, jokatu zen bigarren edizioa eta sei bertsolarik parte hartu zute: Aissa Intxauti, Maialen Akizu, Saats Karasatorre etxarriarra, Ane Labaka, Iker Altuna eta Aitor Irastortza. Gai jartzailea Zigor Gartzia Zian izan zen. 60 pertsona inguruko bertsoaldi "bikainak" entzuteko aukera izan zuten, eta giroaz "gozatu" zutela esan dute antolatzaileek. "Gai batzuetan bertso hunkigarriak eta besteetan barregarriak ere suertatu ziren". 

Buruz burukora Ane Labaka eta Maiale Akizu pasa ziren, eta, azkenean, lehenengoak eraman zuen txapela. Agurrean, Labakak "behartu gabe ere, gurekin gogoratzen direnentzat" eskaini zien txapela. Sariak Pikuxar elkarteko bazkide zaharrenak eta gazteenak banatu zituzten, Miel Ollok eta Naia Lizarragak, hurrenez hurren, eta parte hartzaile guztiek Iker Uriberen ilustrazio bat jaso zuten.