Aitziber Iragi Moreno irurtzundarrak arte ederrak lizentziadura ikasi zuen Bilbon. Moda diseinua ikasi zuen ere, eta, ondoren, Londresera bizitzera joan zen. Bertan University of Arts-en zuzendaritza artistikoa masterra egin zuen. Bertara sartzeko hiru proiektu sortu behar izan zituen. Haietako bat Nomadak zen. Hamar urte beranduago eta lehendabiziko aldiz erakusketa bat mustu du Iragik, proiektu horretarako sortutako lanekin. Pikuxarren hilaren amaiera arte egonen da.
Zure lehenengo erakusketa. Nola sentitzen zara?
Egia esan, oso pozik. Gainera, harrera oso ona izan du. Ez nuen horrelakorik espero. Gauza asko egin ditut, arte ederrak ikasi nuen aspaldi, eta sekula ez dut ezer erakusteko irrika hori izan. Agian lotsagatik edo ez dakit. Lehenengoa da eta emaitzarekin oso pozik nago.
Nola sortu zen aukera?
Pikuxarreko bazkidea naiz. Pikuxar zaharrean, tabernan, erakusketak jartzen genituen, baina berrira pasa ginenetik oraindik ez genituen lanak zintzilikatzeko sistema jarrita eta erakusketen zera hori gelditu zen. Baina berriz mugitzen hasi ginenean esan zidaten ea zergatik ez nuen erakusketa bat egiten. Hasieran baietz, gero ezetz; eta azkenean animatu nintzen. Ilusioa egin zidan.
Nola aukeratu dituzu lanak? Zergatik lan horiek?
Zehazki ez dakit... Lan pila bat daukat gordeta. Banituen erakusketa ezberdin asko egiteko aukera. Baina hauek duela hamar urte nituen. Aurreko urtean etxe bat erosi nuen, eta etxe horretarako horman jarri nituen guztiak elkarrekin. Erakusteko politak zirela iruditu zitzaidan.
Zer kontatzen du 'Nomadak' erakusketak?
Lan hauek guztiak obra berdin bateko atalak dira. Londresen bizi nintzenean egin nituen, eta beste proiektu handiago baten fase bateko lanak dira.
Proiektu hori nola sortu zenuen?
Londresen bizi nintzenean unibertsitatean master bat ikasi nahi nuen eta sartzeko hiru proiektu entregatzea, curriculuma, zenbait iraganeko irakasleen gomendio eskutitza, elkarrizketa bat eta abar eskatzen zuten. Sartze prozesu nahiko zaila zen. Erakusketan erakutsitakoa entregatu nuen proiektu baten atala da. Nomadak deitzen da proiektua nomaden inguruko proiektua egin nuelako. Ikerketa egin nuen. Bakoitzak badu bere lan egiteko modua, eta nik ikerketa horretan batzen dudan informazio guztiaren sintesia egiteko marrazkia erabiltzen dut; sintesi bisuala.
Itziar Matxainekin elkarlanean egindako lana da 'Nomadak'.
Bai, lagun mina dut eta proiektua egiten ari nintzenean esan nion lan bat egin behar nuela eta argazki jakin batzuk behar nituela. Gutxi gorabehera nire ideia helarazi nion eta oso ongi ezagutzen nauenez, justu behar nituen argazkiak bidali zizkidan. Nik aterako banitu ez liratekeen hobe egongo.
Orain arte ez duzu inoiz erakusketa bat egiteko beharra izan?
"Izaeragatik edo ez dut erakusketa bat egiteko irrika izan; niretzako sortu izan dut"
Egia esan, ez. Ez dakit oso ongi nola azaldu. Lan pila bat egin ditut. Norbaitek zerbait sortzen duenean beti pentsatzen dugu baduela besteei erakusteko irrika hori. Nire kasuan, izaerak edo gelditzen nau. Ez naiz pertsona oso lotsatia, baina nire lanak oso pertsonalak dira. Sortze prozesu horretan nire parte bat azaleratzen dut, eta ez nengoen kritika ezkorrak jasotzeko prest. Nik beti niretzako lan egin dut, ez besteentzako. Unibertsitatean entregatu nituen, itzuli zizkidaten, eta gordetu nituen, inori erakutsi gabe.
Kritika ezkorrei beldur, baina harrera ona izan duela esan duzu.
Kritika txarrak aurrez aurre esateko ez dira horren errazak... Ez dut sentsazio txarrik izan. Kalean esan didate oso politak direla. Kritika txarrik ez zaizkit iritsi, onak, ordea, bai. Agian horrek indarra ematen dit hurrengo baterako beldur puntu hori alde batera uzteko eta ausartago izateko.
Zergatik ikasi zenuen arte ederrak?
Beti izan dut artearekin harremana. Betidanik gustatu izan zait. Txikitan asko marrazten nuen; amak karpetak eta karpetak ditu nire txikitako marrazkiekin. Unibertsitatera joateko ordua iritsi zenean, arte ederrak ikastea aukeratu nuen. Moda ere oso gustukoa nuen, baina hemendik hurbil ez zegoen inon ikasteko aukerarik, bakarrik Bartzelonan eta Madrilen, eta jauzi hori emateak beldurra eman zidan. Bilbon ikastea erabaki nuen.
Zure lanak oso pertsonalak direla esan duzu. Nola sortzen duzu?
"Sortze prozesua euskarriaren eta nire arteko elkarrizketa bat da"
Bakoitzak bere sortzeko modua dauka. Nire kasuan ez dut ez zirriborrorik egiten ez aldez aurretik zer egin behar dudan pentsatu ere egiten. Orri edo euskarri txuri bat daukat, eta euskarri hori betetzen hasten naiz, baina inongo asmorik gabe. Orduan, prozesu hori da euskarriaren eta nire arteko elkarrizketa bat. Nik uste dut prozesu horretan barruan ditudan momentuko sentimenduak isladatzen direla beti.
Nola deskribatuko zenuke zure lana?
Galdera zaila... Nomaden erakusketari buruz esan dezaket badirela formatu txikiko irudiak, teknika ezberdinak nahasiz egindakoak: grabatuak, tintak, akuarelak, argazki zatitxoak... Niretako badute bere xarma irudi bakar bezala. Nahiko finak dira, eta kolore aldetik gama berdina jarraitzen dute; kolore lasaiak, ez dago kontraste handirik