Areto futbola

Imanolek dio "lehenbailehen salbatzen" saiatu beharra dutela

Guaixe 2022ko mai. 23a, 10:00

Osasuna Magna Xotak 3 eta 5 galdu zuen Burelaren kontra ostiralean Anaitasunan jokatutako partidan. Asteartean Santa Coloma izango dute aurkari, Katalunian

Osasuna Magna Xotak areto futboleko Lehen mailari eusteko primerako aukera alferrik galdu zuen ostiralean Anaitasunan, azken postuan eta dagoen eta mailaz jaitsi den Pescados Ruben Burela taldearen kontra 3 eta 5 galdu baitzuen. Galiziarrek bigarren itzulian behetik gora egin dute eta berdeen festa zapuztu zuten. 

Partida hasi eta berehala Dani Zurdori egindako penalti bat huts egin zuen Raul Rochak. Hori Osasuna Magna Xotari gertatzen zaionaren erakusle izan zen, atzera ere punteria falta nabarmena izan baitzuen Imanol Arregiren taldeak. Dani Zurdok, Fabinhok... gol aukera oso argiak huts egin zituzten, eta Xotak gehiegi barkatu zuen. Aldiz, Burelak Asierren atea bitan zulatzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Osasuna Magna irabaztera atera zen eta Fabinhori eta Linharesi esker bina berdindu zuen. Xota hoberen zegoen tarte horretan Burelaren hirugarren gola iritsi zen. Talde berdea behin eta berriz saiatu zen eta Dani Zurdok hiruna berdindu zuen. Ia ospatzeko tartetik izan gabe, berdeen defentsa akats bati esker laugarrena lortu zuen Burelak, eta azken minutuan bosgarrena sartu zuen. 

Imanol Arregi ez zegoen kontentu. “Hiru puntuak lortu eta kategoriari eusteko aukera paregabea genuen, eta ez dugu gaizki jokatu, baina inola ere bizia jokoan duzuenean jokatu behar genukeen bezala, eta halako golak ezin ditugu jaso. Burelak partida oso ona egin du eta gu, beti bezala, ez dugu kontrako atean asmatu eta defentsan tarteka nahiko arduragabe egon gara” esan zuen, argi eta garbi, teknikariak. “Hemendik aurrera lanean jarraitu, datorren partidan pentsatu eta lehenbailehen salbatzea, ez dago besterik” ondorioztatu zuen. 

Asteartean, Santa Coloma
Barça da lider (59 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamahirugarren postura jaitsi da (28 puntu). Asteartean 39 punturekin sailkapenean bederatzigarren den Santa Colomaren kontra jokatuko du talde berdeak, 20:45ean, Katalunian.