Areto futbola

Salbazioaren lasaitasuna

Guaixe 2022ko mai. 25a, 10:45

Osasuna Magna Xotakoak, ospatzen. XOTA

Osasuna Magna Xotak Lehen mailari eutsi dio atzo, asteartea, Santa Colomarekin bina berdindu eta gero

Osasuna Magna Xotan airea hartu dute. Lehen mailari eustea lortu du Imanol Arregiren taldeak, atzo, asteartea, Santa Colomarekin bina berdindu eta gero. Taldeak helburu nagusia lortu du, eta lasaitasunez despedituko du liga. 

Osasuna Magnak eta Santa Colomak jokatu zuten partida maldan gora hasi zen talde irurtzundarrarendako, 5. minuturako kataluniarrak aurreratu baitziren. Baina talde berdeak ongi erantzuten jakin zuen eta erasoan hasi zen berehala, Linharesek bana berdindu arte. Baina pozak gutxi iraun zuen Santa Colomak bigarrena sartu eta atsedenaldira abantailarekin joan zenean. 

Bigarren zatian beste Osasuna Magna Xota bat ikusi zen kantxan. Erasokor eta dominatzaile aritu zen Imanol Arregiren taldea, partidari buelta emateko prest. Josu Mendivek bina berdindu zuen, eta Osasuna Magnaren errezitaldia hasi zen. Denetariko aukerak izan zituzten berdeek, baina ez zuten kontrako atean asmatu. Nolanahi ere, bina berdintzeak eta Valdepeñasek Zaragozari irabazi izanak Lehen mailari eusteko puntuak eman dizkio talde berdeari, jokalariek gogoz ospatu zutena. 

Sailkapena
Barça da Lehen mailako lider sendoa (62 puntu), Cartagenaren aurretik (53 puntu). Osasuna Magna Xota hamahirugarren da (29 puntu). Ostiralean Xotak 15. postuan eta jaitsiera arriskuan dagoen Real Betis Futsal taldea hartuko du Anaitasunan, 20:30ean. Ligako azken jardunaldia ekainaren lehen asteburuan jokatuko da eta Inter Movistar izango du aurkari Osasuna Magna Xotak.  

Imanol Arregi: “Lasaituaren sentsazioa dut”
Lehen mailari eusteagatik “lasaituaren sentsazioa” du Imanol Arregi entrenatzaileak. “Helburua lortu dugu, kategoriari eustea, baina horrek ez du esan nahi egin dugun denboraldiarekin kontentu nagoela. Hau da, pozik nago Lehen mailan jarraituko dugulako, baina horrek ez du kentzen egin dugun bigarren itzuliarekin pozik nagoenik. Urte gogorra izan da, lesioak direla, baina lehen itzulian ere arazo asko geneuzkan eta puntu askoz ere gehiago lortu genituen” azaldu du, beti bezain zorrotz. Aitortu duenez, “talde gaztea gara, oraindik trebatzen eta egiten ari dena, eta Lehen maila nolakoa den ikasi beharra dugu, partida bakoitzean bizitza jokatzen duzula. Bestela, bukaerara estu iristen zara eta edozer gauza gerta daiteke”.