Areto futbola

Etxeko azken partida puntu banaketarekin despeditu zuen Xotak

Guaixe 2022ko mai. 30a, 11:35

Bigarren zatian partida erotu egin zen. XOTA

Lehen Maila. 29. jardunaldia: Osasuna Magna Xota 2 – Real Betis Futsal 2

Osasuna Magna Xotak etxean ligako azken partida jokatu zuen ostiralean. Talde berdeak Betis hartu zuen Anaitasuna pabilioian. Lehen mailako kategoriari eutsita, lasai zeuden Imanol Arregiren mutilak, baina etxean zaleekin garaipena ospatu nahi izan zuten berdeek, tamalez ezinezkoa izan zena. 

Partida ongi hasi zen berdeendako, Dani Zurdok Osasuna Magna aurreratu baitzuen, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Betisek. Bigarren zatia hasi eta berehala Sevillakoek bigarren gola sartu zuten, baina Toni Escribanok bina berdintzea lortu zuen, ero bilakatu zen partidan. Osasuna Magna Xotak partida irabazteko jokaldi argiak sortu zituen, baina denboraldiko gaitza berberarekin jarraituz, punteria faltarengatik markagailua ez zen mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Azkena, Madrilen
Barça da Lehen Mailako lider sendoa (65 puntu), Cartagenari 10 puntu aterata. Osasuna Magna Xota hamahirugarren postuan dago (30 puntu). Asteburuan ligako azken partida jokatuko da eta larunbatean sailkapenean hirugarren den Dani Saldise irurtzundarraren Inter Movistar taldearen kontra jokatuko du talde berdeak, Madrilen.