Irurtzun, aniztasuna dastatzeko plaza

Guaixe 2022ko eka. 3a, 14:51

Errezetak ezagutu eta prestatutakoa dastatzeko aukera izanen da. ARTXIBOA

Bihar, 10:00etatik aurrera, Munduko Arroza ekimena. Hainbat jatorritako errezetak ezagutu, dastatu eta sukaldariak ezagutzeko aukera izanen da.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartea kulturartekotasun zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek esan duenez, "Irurtzun eltze erraldoi bat litzateke, zeinetan, kolore, zapore, testura eta jatorri anitzeko osagaiak biltzen diren. Denak elkarbilduta, aniztasunaren eltzean, guztion elkar ekintzei esker, eta osagai bakoitzak bere onena eskainiz, jakiak ontzira, Irurtzunera, botatzen dira, ondorio gozo eta anitza jaso arte". Zestau gaineratu duenez, "norberak, bere premien arabera, ikusiko du "ondorio" horietatik "zein, zer, nola edo non jan edo jasoko duen". Larunbatean aniztasunaren eltze hori inoiz baino errealagoan izanen da: Maroko, Senegal, Atakondoa, Pikuxar, Irurtzungo emakumeak, Moldavia, Errumania, Ukraina eta Elkarri Laguntza elkarteko sukaldariak mandarrak jarri eta jendaurrean arroza prestatuko dute larunbat goizean plazan.

Goiz-eguerdian plazatik pasatzen denak Irurtzunen aniztasunaren erakusle bat ikusiko du plazan. Haiengana hurbildu eta zertan eta nola ari diren ikusi eta ezagutzeko aukera izanen dute gainera. "Horrela, herritarren arteko hurbilpena erraztea, eta horretaz, gozatzeko aukera eman nahi dugu", azaldu du Zestauk. Eta adin guztietako irurtzundarrak plazatik pasatzera eta goiza alaia elkarrekin partekatzera eta aniztasunaren onurez gozatzera gonbidatu ditu. Ekimena despeditu ondoren, parte hartzaile guztiak elkarrekin bazkalduko dute, hala, elkarren arteko ezagutza handituko dute. 11. Munduko Arrozak Sakanako Mankomunitateko Anitzartea kulturartekotasun zerbitzuak, Irurtzungo boluntario taldeak, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuak eta Itxipuru taldeak antolatu dute, Irurtzungo Udalaren laguntzaz. 

Bestalde, plazaren ondoan dagoen Pikuxar tabernak larunbatean Unai Beroiz, argazkilari eta kazetariaren Begirada ezberdin bat argazki erakusketa mustuko du. Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareak utzitako erakusketa horretan Beroizek nafarroako hainbat tokietako biztanleek bizitako bizipenak jaso ditu, "ohar gaitezen egin dezakeguna zer den".