Astekaria

"Mendian ibiltzeko tresna oso baliagarriak dira"

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 8a, 13:00

Eneko Razkin Orobengoa, mugikorrean ibilbidea kontsultatzen. UTZITAKOA

Maiatzaren 13an eta 14an Irurtzungo Mendi Jardunaldietan mendian galdu gabe ibiltzen ikasteko Wikiloc eta Oruxmaps ikastaroa eskaini zuen Eneko Razkin Orobengoa Iratxo elkarteko kideak.

Zalantzak argitzen jarraitzeko prest dago.

1. Nola animatu zinen Irurtzunen Wikiloc eta Oruxmaps aplikazioen oinarrizko ikastaroa ematera?
Duela 6 urte Wikiloc erabiltzen hasi nintzen. Mendian askotan erabili izan dudan aplikazioa da. Urte batera Oruxmaps aplikazioa probatzen hasi nintzen, eta ongi ikasteko Nafarroako Mendi Federazioan ikastaro bat egin nuen. Material guztia pasa zidaten: aplikazioa instalatzeko programak, mapak... Hura eskuan izanda, Mendi Jardunaldietan ikastaroa eskaintzea proposatu nien Iratxokoei eta ongi ikusi zuten.

2. Zer da Wikiloc aplikazioa?
Wikiloc ibilbide asko jasota dituen webgune bat da, ibilbideen datu base bat. Ibilbideak kontsultatzeaz aparte, edozeinek bere ibilbideak igo ditzake, horregatik bilaketak egiterakoan informazioa ongi begiratu behar da. Wikiloc-ek ibilbide horiek deskargatzea ahalbidetzen du, ibilbide horiek jarraitu ahal izateko.

3. Wikiloc-eko ibilbide batzuk oso ongi azalduta daude, argazki, deskripzio eta guzti dituztela.
Whitepoint tresna erabiltzen dute, bandera bat bezalakoa, azalpenak eta argazkiak txertatzeko, iturria dagoela zehazteko, kasu.

4. Wikiloc-eko ibilbideak ongi begiratu behar direla esan duzu.
Hobe da ezberdinak ikustea eta alderatzea. Horrek ez du esan nahi tracka, ibilbidea markatzen digun marra edo arrastoa gaizki dagoenik, baina deskribapen zabalagoa badu, fidagarriagoa izan daiteke. 

5 Zer da Oruxmaps aplikazioa?
Mapa aplikazio offline bat. Nolabait azaltzeko, mendi GPS dispositiboa telefonoan instalatuta izatea ahalbideratzen du Oruxmaps-ek. Egungo telefono mugikorrek bere GPS unitatea dute, eta aplikazio hauei esker mapak telefonoan sartu, eta gure mugikorrak Garmin edo halako dispositiboen zerbitzu bera eskaini dezake.

6. Erabilera erraza da?
Bai. Ordenagailu bidez, eta doakoa den Garmin BaseCamp programa erabilita, mapak mugikorrean instalatzen dira. GarminBaseCamp programan nahi ditugun ibilbideak editatu ditzakegu, eta gero mapak mugikorrera jaitsiko ditugu.

7. Googlemaps-en antzekoa izan daiteke erabileran?
Antzekoa, baina Googlemaps erabiltzeko Internet konexioa behar da, eta Oruxmaps erabiltzean ez da konexiorik behar, mapak telefonora jaitsi ditugulako. Mendian ibiltzean sarritan ez dago konexiorik, eta horretarako erabiltzen dira GPSak edo Oruxmaps.

8. Ikastarora joan zirenak zer ziren, beteranoak ala gazteak?
Hamalauk eman zuten izena eta gehienak beteranoak ziren, baina nire inguruko gazteei ere lagundu izan diet aplikazioak instalatzen eta erabilera irakasten. Lagun batek ez zuen telefonoan GPSa erabili nahi, baina Pirinioetara joateko instalatu zuen eta esan zidan oso baliagarria izan zuela. Tresna baliagarria da, eta eskura izanda, mendira lasaiago joateko aukera eskaintzen du. Ezezagunak diren tokietara joateko tresna egokia.

9. Zer moduz joan zen ikastaroa?
Lehendabiziko egunean ordenagailuetan eta mugikorretan aplikazioak eta mapak instalatu genituen, eta gehiegi luzatu zitzaigun. Bigarren eguna beste modu batera planteatu nuen: aurretik herrian barna prestatutako hiru ibilbide grabatu nituen eta ginkana antzekoa eginez, Iratxo izena osatzen zuten hizkiak topatu behar genituen. Ongi pasatu zuten eta pozik joan ziren, ibilbidea deskargatzen eta hura jarraitzen ikasi genuelako eta ikusi zutelako aplikazioak errazak eta erabilgarriak direla. Hori zen nire helburua.

10. Zer iruditu zaizkie aplikazioak?
Oso baliagarriak. Pixka bat trasteatuta, aplikazioen oinarrizko erabilera, hau da, ibilbideak deskargatu eta jarraitzea, berehala harrapatzen duzu. Mendian segurtasun hori izatea asko baloratzen dute mendizaleek. Hemendik aurrera bere kabuz praktikatu beharra dute, batzuk dagoeneko ari dira, eta edozein arazo badute, nigana etorri daitezke lasai asko.

11. Zer moduzko esperientzia izan da? Jendea hurbiltzen al zaizu aholku eske?
Oso polita. Neska laguna irakaslea da, eta berari ulertzeko ere lagungarria egin zait: ikasleak motibatzeko klaseak nola moldatu, beti hobetzeko ideia horri jarraiki. Gustura aritu naiz. Jendea hurbiltzen zait, bai. Batek ziza larreak markatzeko instalatu nahi ditu. Norbait hurbiltzen bazait, ni erakusteko prest.