Areto futbola

Osasuna Magna Xotak denboraldia agurtu du

Guaixe 2022ko eka. 6a, 09:42

Inter Movistarren kontra galdu zuen talde nafarrak. Ligan hamahirugarren sailkatu dira Imanol Arregiren mutilak

Denboraldi honen bigarren itzuliko joerarekin jarraituz, baja garrantzitsuekin jokatu zuen Osasuna Magna Xotak denboraldiko azken partida Torrejon de Ardozen, Linhares, Roberto Martil eta Carlos Vento jokalarien bajarekin. Hala ere, Imanol Arregiren mutilek parez pare jokatu zuten Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra, baina gol faltak talde berdea kondenatu zuen. 

Hasieratik erasoan hasi ziren Osasuna Magna eta Inter Movistar. Bi taldeek gol aukera ederrak sortu zituzten. Inter Movistarrek aurreratzea lortu zuen, eta nahiz eta Imanolek hutsartea eskatu, bere jokalarien estrategia aldatzeko, talde madrildarrak Xota estutzen jarraitu zuen eta 3 eta 0 aurreratu zen. Talde berdeak ez zuen behera egin, eta atsedenaldia baino lehen Dani Zurdok markagailua mustu eta 3 eta 1-arekin, atzera ere partidan sartu zen Imanol Arregiren taldea. 

Bigarren zatian zuhurrago aritu zen Inter, Osasuna Magna gertutik kontrolatuz. Xotak dominatzen zuen, baina Interrek jokalari berdeen lana ongi defendatzen zuen. Bynhok talde berdearen bigarren gola sartzeko aukera izan zuen, baina hurrengo jokaldian gola sartu zuena Inter izan zen: 4 eta 1. Talde madrildarrak kontrako atean ez zuen barkatzen; bai, ordea, Imanol Arregiren mutilek. Punteria falta, denboraldi honetako beste sanbenitoak, bere horretan jarraitu zuen. Imano. Arregik Raul Rocha atezain-jokalari jarri zuen eta makina bat gol aukera sortu zituzten berdeek. Baina, ezin. 4 eta 1 galduta despeditu dute denboraldia. 

Imanol Arregik azaldu zuenez, “uste dut markagailuak erakusten duena baino partida askoz ere berdinduagoa izan dela. Baina denboraldi guztian arrastaka duguna gertatu zaigu, kontrako atean ez dugula asmatu”. Denboraldian lesioekin “zorte oso txarra” izan dutela gaineratu zuen teknikariak. “Denboraldi oso gogorra izan da, baina salbazioa lortu dugu eta orain atsedena hartzera, beharra dugu eta” aitortu zuen. 

Play-offetatik kanpo
Barçak irabazi du liga (68 puntu), Inter Movistarren aurretik (58 puntu). Osasuna Magna Xota hamahirugarren sailkatu da (30 puntu), salbazio postuetan. Orain ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatuko dituzte ligan jokatu diren lehen zortzi taldeek: Barça, Inter, Palma Futsal, Viña Albali Valdepeñas, Jimbee Cartagena, Ribera Navarra, Jaen eta El Pozo Murcia.