Estalpea kulturarteko zokoa

Guaixe 2022ko eka. 6a, 11:40

Munduko arrozak jende ugari erakarri zuen.

Bielorrusia, Maroko, Senegal, Errumania, Ukraina, Irurtzungo emakumezkoak, Atakondoa eskola publikoa eta Pikuxar euskal txokoa izan ziren Munduko Arrozak ekimenean parte hartu zutenak. Eta haiek jatekoak prestatu bitartean asko izan ziren jatekoak nola prestatzen ari ziren kuskuxeatu zutenak. Gehienek egiteko moduaz galdetu zuten. Eta gero egina zegoenean probatzeko aukera izan zuten. 

Denetarik dastatzeko aukera egon zen. Senegalgo sukaldariek arroza arrainarekin prestatu zuten. Marokokoek cous cousa barazki eta haragiarekin prestatu zuten. Baita tea ere. Bi errumaniar sargalak egiten eta haiek egosten aritu ziren. Horretarako, xehatutako haragia eta arroza nahastu eta ore hori aza artzitutako hostoan, txukrutean, biltzen zuten gero egosteko. Azaldu zutenez, Errumania mendetan Turkiaren menpe egon zen eta, horregatik, haien sukaldaritzan arabiar eragina nabaria da. Ukrainarrek antzeko jakia prestatu zuten. Bielorrusiako bikote batek, berriz, dranikia prestatu zuen: birrindutako patata tipularekin eta haragi xehatuarekin nahastu eta opil itxura emanda prestatzen dute. Irurtzungo emakumeek arroza berdurekin prestatu zuten. Atakondoakoek, berriz, Erriberako arroza halal arkumearekin, eta Pikuxarrekoek, azkenik, postrea: arroz esnea. 

Eguerdian txikienak munduko jolasak ezagutu eta haietan jolasteko aukera izan zuten plazan. Estalpean aritu ziren 24 sukaldarietatik 23 emakumezkoak izan ziren eta bakarra gizonezkoa. Haiek eta guztia antolatzen lagundu zutenek elkarrekin bazkaldu zuten San Martin jubilatu elkartean; 40 bat guztira.