Pilota

Irurtzunen gazteak gailendu ziren

Guaixe 2022ko eka. 17a, 10:55

XXX. Irurtzun Pilota Txapelketa Irurtzun talde gazteenak irabazi zuen, tanto bakarraren aldearengatik

Larunbatean XXX. Irurtzun Pilota Txapelketako finala jokatu zen Irurtzunen. Trinitate festak ospatzen ziren herrian, eta festa giroa Bi Aizpe frontoian ere agerikoa zen. Are gehiago finala Irurtzun klubeko bi taldek jokatzen zutela kontuan hartuta.

Alde batetik Irurtzun talde beteranoa zegoen. Ongay satrustegiarra lau eta erdian aritu zen eta Retegi Bi eta Bergara binaka. Bestaldean, gazteak. De la Fuente lau eta erdian, eta Olaetxea eta Lazkoz binaka. Final oso estuak aurreikusten ziren eta hala izan zen. 

Lau eta erdian, Ongayk eta De la Fuente nor baino nor aritu ziren. Partida gogorra izan zen, baina, azkenean, De la Fuentek 22 eta 16 irabazi zion satrustegiarrari. Beraz, binakako partidak erabaki zuen guztia. Retegi Bi-Bergerak eta Olaetxea-Lazkozek partida itzela jokatu zuten, Bi Aizpen bildutako pilotazaleak ase zituena. “Final gogorra izan da, bi bikoteek dena eman dutelako” azaldu du Irurtzun klubeko presidente Miguel Beraza Loidik. Gogorra izateaz gain, emozio handikoa izan zen, soilik tanto batek erabaki zuelako torneoko irabazlea. Olaetxeari eta Lazkozi 17 eta 22 irabazi zieten Retegi Bik eta Bergerak, baina garaipena ez zen nahikoa izan torneoa irabazteko, “Olaetxeak eta Lazkozek 17 tanto egin zituztelako. 16 tanto baziren, txapela beteranoek lortuko lukete”. Beraz, tanto bakar batengatik Irurtzun klubeko gazteek jantzi zituzten txapelak. Gazteek, pauso bat eman dute aurrera.