Ion Cerviño

"Europako Txapelketarako hautatua izatea da nire helburu pertsonala"

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 27a, 13:30

Ion Cerviño, ezkerrean, Ligako Santa Colomaren kontrako partidan. XOTA

Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin nazioarteko torneoa jokatu berri du Ion Cerviño Pueyo irurtzundarrak Kroazian. Irailean Jaenen jokatuko den Europako Txapelketa egotea da bere nahia

Liga despedituta, Osasuna Magna Xota taldeko jokalariak oporretan daude, Ion Cerviño Pueyo atzelaria izan ezik. Irurtzundarra Kroazian egon da, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin nazioarteko torneo batean parte hartzen, eta hain zuzen ere gaur, astelehenarekin, itzuliko da etxera. Txapelketa jokatzen ari zela aitortu zuenez, "niretako oporrak bezala izan dira, selekzioan jokatzea ez baita egunerokoa".

Lehen mailan debutatu duen jokalaririk gazteena izan zinen. 2019an izan zen, Burelaren kontra, 15 urte zenituela.
Urduri nengoen Anaitasunan jende asko zegoelako, baina partida polita izan zen, beti gogoratuko dudana. Sekulakoa izan zen, Lehen mailan ez baita egunero debutatzen. 15 urterekin eta etxeko taldean izatea, zer hobeto?

2021ean zure lehen kontratua sinatu zenuen, lau urterako kontratua Osasuna Magna Xotarekin. Oso pozik zeundela aitortu zenuen. 
Bai, eta hala jarraitzen dut. Etxean jokatzeak eta egoteak ez du preziorik. Zorte hori dut eta oso pozik nago.

Irurtzungo talde bat Lehen mailan egotea eta bertan lau jokalari irurtzundarrek jokatzea handia da. Askotan ez diogu duen meritua aitortzen. 
Hala da, eta meritu oso handia du. Imanol Arregiren nahia izaten da harrobitik etxeko jendea aurrera ateratzea, eta beti ateratzen du norbait. 

"Denboraldi gogorra izan da, zaila. Lesioak, pandemia... gauza asko izan dira"

 

Denboraldi gogorra izan da. Xotak ez du lesioekin zorterik izan, baina helburua lortu duzue, Lehen mailan jarraitzea. 
Denboraldi luzea izan da, zaila. Lesioak, pandemia... gauza asko izan dira. Lehen mailan jokalari finkoa izan naizen lehen denboraldia izan da hau, eta alde horretatik polita izan da. Gure helburua bete dugu eta kontentu gaude alde horretatik. Orain, datorren denboraldiari begira, pilak kargatzen gaude. 

Imanolek talde ia berria sortu behar izan zuen, eta datorren denboraldiari begira aurten lortutako esperientzia positiboa izango da. Eutsi diozue, gazteak zarete eta esperientzia lortzen ari zarete. 
Bai, baina Imanoli gustatuko litzaioke taldea gorago egotea. Badaki oso gazteak garela eta egokitzapen tartea behar dugula, baina berak ez du etsitzen eta konfiantza du gugan. 

Imanol areto futboleko entrenatzaile onenetarikoa da eta makina bat eskaintza izango ditu, baina Xotarekin konpromiso handia du. Datorren denboraldia taldea zuzentzen jarraituko du, egoera honetan taldea ezin duela utzi esan baitu. 
Bai, eta oso pozik gaude Imanolek jarraituko duelako eta taldea handiago izateko laguntza emango digulako. Entrenatzaile oso ona da, niretako munduko hoberenetarikoa. Urduria da, baina badaki jokalari bakoitzari nola hitz egin behar dion, eta bakoitza nola estutu behar duen.

"Oso pozik gaude Imanolek jarraituko duelako eta taldea handiago izateko laguntza emango digulako. Entrenatzaile oso ona da, niretako munduko hoberenetarikoa"

 

Denboraldi honetan pauso bat eman duzu aurrera.
Denboraldi ona egin dut, baina gehiago eman ahal dudala ere badakit. Urtez urte hobetzen eta aurrera egiten ari naiz, eta datorren denboraldian konfiantza ematen baditate, badakit gauza gehiago egingo ditudala. 

Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin konbokatuta zaude Kroazian, ekainaren 27ra arte. 
Nazioarteko areto futbol torneo bat da, bi multzotan jokatu dena. Asteartean Turkiaren kontra jokatu genuen multzoko lehen partida, asteazkenean Poloniaren kontra eta ostegunean Esloveniaren kontra. Ostiralean atseden jardunaldia izan genuen, larunbatean finalerdiak jokatuko ziren eta igandean finala. Beste multzoan ere talde garrantzitsuak daude: Japonia, Kroazia, Ukraina... 

Espainia torneoa irabazteko faboritoetako bat da.
Bai. Espainiako selekzioa izateagatik beti irabaztea exijitzen digute eta horretara etorri gara. Selekzio oso onak daude, badakigu torneo zaila izango dela, baina talde oso ona ekarri dugu Kroaziara eta gure nahia torneoa irabaztea da. Konfiantza badugu. 

Entrenatzeko modua asko aldatzen al da Xotatik selekziora?
Jende ezberdina dago, beste entrenatzaile bat eta entrenatzeko beste modu bat. Ezberdina da, baina polita. Jokalari gehienak aurretik ezagutzen ditut. Espainiako 17 eta 18 urtez azpiko selekzioetan jokatu izan dut aurretik, jokalari asko ezagutu ditut eta gehienak hemen daude. Urtean oso gutxi ikusten dugu elkar, eta biltzea polita da. 

"Denboraldi ona egin dut, baina gehiago eman dezakedala ere badakit"

Zuk selekzioan jokatzeak klubari ere prestigioa ematen dio.
Bai. Azkenean selekzioa estandarte bat bezalakoa da, eta zure jokalari batek jokatzea klubari garrantzia ematen dio. Imanolek beti esaten dit naizen bezala aritzeko, horrela ongi arituko naizela. Presio handia dugu, joan zen urtean torneo hau Espainiako selekzioak irabazi zuelako eta gutxienez berdina exijitzen digutelako. Gainera, ez dugu hala nola irabazi behar. Irabazi behar dugu, eta ongi. 

Presio horri eustea ez da erraza izango. Argi dago burua ongi izatea sasoi fisikoa bezain garrantzitsua dela, edo gehiago.
Bai. Burua ongi baduzu, asko irabazita daukazu. 

Kroaziatik bueltan merezitako oporrak hartuko dituzu.
Bai, aste pare bat emango ditut Cadizen. Ondoren, Espainiako selekzioak nazioarteko torneoa jokatuko du Brasilen, baina ez dakit deituko nauten. Kroaziakoa bukatuta esango dute. Selekzioa irailaren 7tik 13ra Jaenen jokatuko den Europako Txapelketa prestatzen ari da, eta selekzio onenen kontra jokatuz prestatu beharra dago, Brasilen kontra, esaterako. Europako Txapelketan parte hartzea nire helburu pertsonala da. Ikaragarria litzateke. Ea posiblea den.