Fran Idareta Goldarazena

"Azken batean, existentzia bera zentzuzko narrazio bihurtzen du"

Guaixe 2022ko uzt. 4a, 10:03

Fran Idareta Goldarazena liburua eskutan, Xulapaingo Nabatz herria atzean duela. UTZITAKOA

Liburu pertsonal bat aurkeztu zuen Fran Idareta Goldarazena irurtzundarrak Iruñean ostiral arratsaldean. Irurtzunen aurkezpena "ziurrenik, laster" eginen du. Partitura bat ere badu argitalpenak. 

Oraingoan Fran Idareta Goldarazenak Yraetatik Idaretara. Leinuaren jatorriari eta bilakaerari buruzko hurbilketa Zestoatik Navazera XIV. eta XX. mendeen artean (1. liburukia) liburua argitu du. Bere lanbidearekin, ikerketa ildoekin eta musikarekin zerikusia du, orri artean jasoa gelditu baita “familiaren profil soziala, baita leinuko kideen balio eta bertuteei” buruzko aipamena. 

Liburu pertsonalagoa esan dut, baina familia liburua esatea zehatzagoa litzateke, ezta? 
Liburuan familiaren abizenaren jatorriaren bila noraino iritsi naizen azaltzen dut, denbora eta ezagutza gehien dutenek, hala nahi izanez gero, lanarekin jarraitu ahal izan dezaten. Beraz, nire ustez, ildo horretatik jotzen du, nire aitak dena behar bezala dokumentatuta uzteko duen borondateari erantzuten diodalako, ikerketak aurrera egin dezan.

Non du jatorria halako liburuak? 
Gure amari arbaso guztiekin XVI. mendera arteko zuhaitz genealogiko bat oparitu ondoren, aitak bere abizenaren jatorria ezagutu nahiko lukeela esan zidan abenduaren 25ean. Liburuaren bidez berak nahi izan du bere familiak, eta gaian interesa duten gainerako pertsonek, ikerketan izandako aurrerapenak ezagutzea, ikerketak etorkizunean jarraipena izan dezan. Beraz, liburuaren sustatzaile nagusia aita izan da.

Zer jaso duzu liburuan?
Liburuan Idareta abizenaren jatorriaz hitz egiten da, mendeetan zehar izan duen hizkuntza aldaketez, gure arbasoetako batzuk bizi izan ziren kokaguneez eta familiaren gutxi gorabeherako gizarte profilaz. Horrekin batera, erabilitako bibliografia, kontsultatutako sakramentu partida askoren erreferentzia osoak, ehun irudi inguru, dokumentu garrantzitsuen transkripzioak eta mendeetan zehar Idareta sendiaren ibilerak kontatzen dituen gesta-kanta. Abesti horren grabazioaz Iker Bengotxea eta Izaskun Zurutuza arduratu dira (Sudurgorri Vocal Studioetakoa) eta Javier Asin Asin (Asin Soundekoa) ekoizpen eta masterizazioaz. Liburuaren aurkezpen egunean emango dugu ezagutzera. Mila esker hiruroi.

Genealogista lana hartu duzu?
Ez da erraza izan, baina aditu bikainen laguntza izan dut.

Eta nora eraman zaitu ikerketak?
XIV. mendeko Zestoara.

Zenbat egin duzu atzera?
1561era arte laguntza dokumentalarekin. Baina bistan da leinuaren jatorria XIII. mende bukaerakoa edo XIV. mende hasierakoa dela.

Non arakatu duzu?
Funtsean, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan eta Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan. Baina baita Gipuzkoako Artxibo Orokorrean eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan ere, besteak beste.

Halakoetan ate batek hainbat zabal ditzake, ez denak egokiak. Nolakoa izan da ikerketa?
Honen inguruan ez zegoen ezer idatzita. Beraz, hutsetik hasi behar izan nuen. Ikuspegi genealogikotik hasi nintzen, eta subjektu gehienak identifikatu nituenean eta abizenaren bilakaera morfologikoa ezarri nuenean, bizi izan ziren kokaguneak aztertzeari ekin nion, eta, ondoren, haien profil soziala aztertzeari.

Zenbat denbora eman duzu liburuan lanean?
Bost hilabete gogor pasatu ditut. Aurretiazko hipotesi batzuk aztertu nituen, baina berriz formulatu behar izan nituen, profesionalei eta informatzaileei aldi berean egiten nizkien elkarrizketetatik lortzen nituen datuen arabera.

Zer dute norberaren sustraiek zer dute erakarmen hori sorrarazteko? 
Victoria Campsek zioen identitateak batasuna ematen diola bizitzari, iragana jaso eta aurrerantz proiektatzen duela, balio batzuk finkatzen dituela, jarraitutasunak edo trantsizioak markatzen dituela. Azken batean, existentzia bera zentzuzko narrazio bihurtzen du.

Dialektologoa ere izan zara?
Adituen laguntzarekin, eramangarriagoa izan da.

Laguntzarik izan duzu liburua egiteko? 
Gurasoek liburuaren xehetasun guztien berri izan dute hasieratik eta ahal izan duten guztian lagundu didate. Emaztea ere funtsezko pieza izan da. Bestalde, artxiboetan dena erraztasunak izan dira. Horregatik, zure baimenarekin, nire esker ona adierazi nahi diet, bereziki, Juncal Campo Guineari, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko artxibozain eta teknikariari; Teresa Alzugaray Los Arcosi, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko artxibozain eta paleografoari; Jose Angel Garro Muxicari, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoko zuzendariari; Miriam Echeverria Larari, Nafarroako Artxibo Orokorreko aretoko burua eta artxibozainari; eta Ana Otegi Atorrasagastiri, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko artxibozainari. Haien laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zen argitalpen hau egitea. Azkenik, niretzat bereziki esanguratsua izan da Jesus Mauleon letren maisuaren laguntza, hitzaurrearen ardura atseginez hartu baitzuen. Hemendik nire esker on sakona zure hitzengatik.

Zergatik irakurri beharko genuke liburua?
Idareta familiari buruzko sei mendeko historia ezezaguna kontatzen delako. Sei mendeko historia familiak berak ezagutzen ez duena eta liburuaren aurkezpen egunean lehen aldiz ezagutuko duena.

Non eskuratu daiteke liburua? 
Une honetan Amazonen eta Fnac-en. Hori bai: plataforma hauetan liburua zuri-beltzean egongo da. Gure aldetik, oso edizio berezi eta mugatua egin dugu bildumagileentzat (koloretan, koadernaketa berezi batekin, eta abarrekin), bereziki familiako kideen artean zabalduko duguna.