Automobilismoa

Joseba Lasa eta Maitane Martiarena azkarrenak Irurtzunen

Guaixe 2022ko uzt. 13a, 11:00

Ander Gurmindo eta Asier Cruz. UTZITAKOA

Guztira 37 taldek hartu zuten parte Arakil Motorsport taldeak antolatutako IV. Irurtzun Arakil Rallysprintean. Etxeko eskuderiako lehen sailkatuak Alberto Osinaga eta Eduardo Ardaiz izan ziren eta lehen sakandarrak Ander Gurmindo eta Asier Cruz

Irurtzun eta Arakil automobilismoaren bilgune izan ziren uztailaren 2an. Guztira 37 talde animatu ziren Arakil Motorsport taldeak antolatutako IV. Irurtzun Arakil Rallysprintean aritzera. Eguraldia eguzkitsuarekin, zein gurpil erabili ez zuten zalantzarik izan. Irurtzungo udaletxearen aurreko plazan bildu ziren autoak, eta banaka irteera puntura hurbiltzen joan ziren. Irurtzundik abiatuta Zuarrarrate igotzea zuten erronka, hiru aldiz. Zale ugari bildu zen ikuskizunaz gozatzera. 

Rallysprintean parte hartu zuten 37 taldeetatik 26k lortu zuten proba bukatzea. Azkarrenak Ioar Motor Sport taldeko Joseba Lasa pilotua eta Maitane Martiarena kopilotua (BMW M3 E36) izan ziren, eremuaren hiru pasadak 22 minututan eginez (22:33.700). Arakil Motorsport taldeko lehen sailkatuak Alberto Osinaga eta Eduardo Ardaiz (BMW E30) izan ziren (24:16.700). Sakana Motorsport taldeko Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Renault Clio Sport) 14. sailkatu ziren (26:00.400), eta Iker Askargorta eta Iker Zeberio (Opel Astra GSI) hurrenak izan ziren, hamabosgarrenak (26:09.200). Bestalde, Iñigo Galarza kopilotu iturmendiarra Malerreka Motorsporteko Alvaro Gutierrez pilotuarekin aritu zen (Citroen Saxo VTS), eta hemezortzigarren postuan sailkatu ziren (39:29.00). 

Bukaeran, sari ematea izan zen Irurtzungo plazan.