Dardaren bilduma

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 12a, 12:37

Nerea Balda Sanjuan 'DardaraK' poemategiaren aurkezpenean. ZEROKOTAN ELKARTEA

Nerea Balda Sanjuan idazleak 'DardaraK' izeneko poemategia argitaratu du Zerokotan elkarteko 'Bilduma Zero #2' poesia liburuan. Irurtzundarra herriko uztaileko festetako suziria botatzeko hautagaia izan da ere.

Zerokotan elkartea ibiltzen den bikote batek duela urte bat inguru sortu zuela azaldu du Nerea Balda Sanjuanek. Iruñeko poesiaren mugimenduan ibiltzen omen dira, eta Irurtzundarrak Jose Miguel Bidador poesia taldean, Nafarroako Ateneoan dagoen poesia irakurtzeko talde batean, ezagutu zituen. "Elkartea sortu zuten eta poesiari lotutako ekitaldiak antolatzen dituzte". Elkartearen barruan ere argitaletxe txiki bat egitea pentsatu zuten, "argitaletxe handietan argitaratu ezin duten jendeari bideratuta". Horrela, udazkenean Bilduma Zero #1 poesia bildumen liburua argitaratu zuten. "Lau poeten sortak egiten dituzte, eta beti gutxienez bat euskaraz egotea saiatzen dira". Balda lehenengo bildumaren aurkezpenean egon zen, eta bertan esan zioten bigarren poemategia ekainean argitaratu nahi zutela, "eta nigan pentsatu zutela". "Asko pentsatu gabe" irurtzundarrak baietz esan zuen.

Ekainean aurkeztu zuten, beraz, Zerokotan elkarteak argitaratutako Bilduma Zero #2 poesia liburuen sorta. Lau idazleen poemategiak daude: Santiago Elso Torralbaren Nadie sabe como hemos llegado hasta aquí, Gabriela Lopez Bonoren De lugares y seres, Alfonso Muro Molinaren Aún no gana la noche eta Nerea Balda Sanjuanen DardaraK. Irurtzungo eta Altsasuko liburutegietan irakurtzeko aukera dago.

"Egia esanda egin nuena izan zen aurretik egile berrientzako literatur lehiaketan sarituen sorta batzuk aukeratu nituen". Aurretik argitaratutako lanak baziren ere, lehiaketek propio sortzen dituzten argitalpenetan, "batzuk hemen eta beste batzuk han zeuden, eta denak batzeko aukera bat bezala ikusi nuen". Poemategi berriak sortzeko denborarik ez ziola ematen aitortu du idazleak, "ez nuen nire burua ikusten". Poemak idazten ditu, "baina gertatzen dena da epe baterako egin behar izatea, kantitate jakin bat... Sortu dezaket, baina denborarekin egiten dut eta ez dakit merezi duten". Azaldu duenez, gauza bat da sortzea eta beste gauza bat da sortutakoarekin "gustura" gelditzea.

Dardarak

"Nolabait guztia biltzen zuen zerbait zen; eta hori izan zitekeen hitza"

DardaraK bildumak hiru atal ditu, eta literatur lehiaketetara aurkeztutako bi bildumekin batera, aurrez argitaratu gabeko hirugarren poemategia publikatu du Baldak: "Beste atalean azkeneko bi urtetako poemak daude, inon ateragabeak". Bilduma hontatik dator, hain zuzen, izenburua. "Izenik gabeko dardarak izena jarri nion, biltzen zuen gaia askotan sentitzen dugun horri zein izen jarri ez dakigulako. Haserre zaudenean badakizu haserre zaudela, baina beste batzuetan zenbait gauza nahasten zaizkigu, eta ez dakigu zehazki nola deitu. Izenik gabeko hori hortik dator". Baina gero konturatu zen dardara hitza bera eta haren sinonimoak beste poemategietan ere agertzen zela. "Nolabait guztia biltzen zuen zerbait zen, eta ikusi nuen hori izan zitekeela hitza. Batzuetan ez gara konturatzen, baina behin baino gehiagotan agertzen da dardara". Hitza gustatzen zaio, aurretik konturatu ez bazen ere.

Azken aldian Balda poemategirako lanen aukeraketa egiten aritu da. Gainera, eleberri bat "erdi hasita" zeukan eta hori bukatzen ibili da ere. "Lehenengo zirriborroa bukatuta daukat, eta orain errepasatu behar dut. Ez dakit noraino iritsiko den". Hori behin eginda, "orain irakurtzeko gogoa daukat, egia esan". Idazleak azaldu duenez, askotan gertatzen da denbora bat idazten egon ondoren, "hutsik bezala gelditzen zarela", eta denboralditxo batean irakurtzen pasa behar duela. "Gero, ez dakit. Agian zerbait bururatuko zait eta hasiko naiz idazten, bainai momentuz buruan hori daukat".

Herriko errekonozimendua
Irurtzungo festetako suziria botatzeko bozketan Balda hautagaietako bat izan da, "euskal kultura zabaltzeagatik", Iratxo elkartearen Sakanako ibilaldia antolatzen duen mendi sailarekin batera. Azkenean, azken hauek botako dute festak iragarriko duen txupina. "Ez dut sorpresa handirik izan kolektibo bat delako, eta uste dut jende askok parte hartzen eta laguntzen duela, eta aitortza jende askori egiten zaiola". Hautagaietako bat izango zela bazekien, aurreko urtean ere dantza taldeko pertsona batek bere izena proposatu zuelako, "baina ez zen atera". Aurten, dantzako kideak ez ezik, beste elkarte batek proposatu zuen idazlea suziriai botatzeko, "eta hautatu naute".