Liburutegietan bakeaz eta bizikidetzaz

Guaixe 2022ko uzt. 19a, 11:50
zaskun Mujika, Inma Gurrea eta Marisa Serrano tailerrean. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak 'Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Liburutegiak' programa martxan jarri zuen ekainean, eta udan zehar herrialdeko zenbait herritan egon da. Irailaren 28an, Irurtzunen, Sakanan eginen den azken tailerra izanen da.

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko Liburutegi Zerbitzuak eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak elkarrekin Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Liburutegiak programa martxan jarri dute, Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendaren ekintza estrategiaren barruan. Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean zehar, haurrendako, nerabeendako eta helduendako aurrez aurreko bederatzi tailer antolatu dituzte Nafarroako liburutegi publikoek. Guztira, 48 liburutegik parte hartu dute programan, tartean Urdiaingo eta Irurtzungo liburutegiek, eta 110 saio sustatu dituzte. Naizen, Alboan, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarea, Iddeas Fundazioa eta Ouiplay enpresa eta elkarteek dinamizatu dituzte tailerrak. Landu dituzte gaiak: bakea, sareetako indarkeria, aniztasuna, errefuxiatuak, pobrezia eta bazterkeria. Artea, bizipen eta hausnarketaren bidez landu dituzte.

Edizio honetako Sakanan eginen den programaren azken jarduera irailaren 28an, asteazkena, 18:00etan, izanen da Irurtzungo liburutegian: Bioletak bakearen alde. Bioletak bakearen alde Inma Gurrea, Izaskun Mujika eta Marisa Serranok dinamizatutako tailer bat da, eta bi zati ditu: lehenengoa ahozko kontakizunean oinarrituko da eta bigarren jarduera praktikoa izanen da. Bake prozesuetan emakumearen irudiari dagokionez, indarkeriarik gabeko mundu bat lortzeko emakumeen papera funtsezkoa dela oinarrituta, milioika emakumek gatazketan edo egoera delikatuetan egiten duten lan isila balioesten da. Kontakizunerako narrazio-lotura Jeanette Winter-en Wangari eta bakearen zuhaitzak ipuinean oinarrituta dago. Alderdi artistikoarekin bioleten kate bat sortu nahi dugu, liburutegiak bakearen alde batuko dituena.

Bizikidetza eta bakea
Nafarroako Gobernuak programa honekin "pobreziaren amaiera, zero gosea, osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, desberdintasunen murrizketa eta bakea, justizia eta erakunde sendoak" sustatu nahi ditu. Horretarako, zortzi ikastaro prestatu dituzte: Bioletak bakearen alde, Ametsen kutxak, ¿Qué tal si yo estoy yo y tú estás tú?, Ezagutu zure superboterea: Inklusioa, Konektatuta dauden banakoak, IKT-en erabilerarako familia kontratuak, Fake news eta Mugez harago. Nafarroa osora iritsi dira jarduerak, eta Sakanako kasuan Ametsen kutxa tailerra Irurtzunen izan zen ekainaren 30ean eta Bioletak bakearen alde abuztuaren 17an, Mugez harago abuztuaren 24an eta Begirada ezberdin baten alde abuztuaren 31n, Urdiainen. Eta, azkena, Irurtzungo irailaren 28an eginen den Bioletak bakearen alde.