1.Zenbat urte daramatzazu Irurtzungo kalderete txapelketa antolatzen?
23 edo 24 urte inguru. Erga Larreak elkartekoa naiz, eta Irurtzungo Kultur Kontseiluan parte hartzen dugu, herriko gainontzeko taldeek bezala. Aurretik ere Irurtzunen kalderete txapelketak antolatzen ziren; beti egin izan dira, baina ez ziren horren jendetsuak. Elkarteak kalderete txapelketaren ardura hartu zuen orduan. Elkarteko junta aldaketak zirela eta, jendea sartzen eta ateratzen zen, baina nik kalderete txapelketaren antolaketan jarraitu nuen, bakarrik geratu arte. Urte asko eman ditut txapelketa bakarrik antolatzen, hori bai, udal langileen eta elkarteko jendearen laguntzarekin, 15 urte inguru.
2.Irurtzungo festetako ostiralean izaten da txapelketa.
Bai, ostiralean izaten da, eta egun berean eman behar da izena, plazan, 13:00ak arte. Egunera arte ezin da jakin jende askok edo gutxik parte hartuko duen.
3.Zein izaten da zure lana?
Aurretik sariak lotu, epaimahaia lortu, urtero aldatzen baita, eta beste. Kalderete egunean izena emateak kudeatu –talde bakoitzari zenbaki bat ematen zaio eta izen berezi bat eskatu, epaimahiak nortzuk diren ez jakiteko–, mahaiak, talde bakoitzaren tokia eta bestelakoak antolatu, epaimahaia lagundu, sariak banatu… Urte asko dira, badakit zer egin behar den eta ez dit esfortzu handiegirik eskatzen. Udalak ogia, ardoa, mahaiak eta aulkiak jartzen ditu eta guztia kudeatzen ibiltzen naiz. Baina aurten ezberdina izango da.
4.Zer dela eta?
Goizean goiz agertuko naiz guztia nola dagoen ikustera eta laguntzera, baina gero joan beharra dut. Egin beharreko lanak eginda, espero dut sari banaketarako bueltan egotea. Erga Larreakoei egin beharrekoak azaldu dizkiet beraiek aurrera egin dezaten.
5.Kalderete txapelketak harrera ona du?
Bai. Urte luze hauetan jende askok parte hartu izan du. Hasieran nagusiak ziren gehienak. Guillermo Iñigo eta Maritxu Lizaso ditut gogoan: kalderete bikaina egiten zuten, eta sarritan irabazi zuten. Nire erreferenteak izan ziren, guztiz. Baina txapelketa herrikoiagoa bilakatu zen, eta denetariko kuadrillak hasi ziren parte hartzen: jubilatuak, helduak, 15-17 urteko gazte kuadrillak… Behin 27 taldek hartu zuten parte, hori izan da orain arteko kopururik handiena. Beste urte batzuetan hamar talde izan dira, edo hamaika, edo zortzi… Parte hartzea eguraldiaren araberakoa izaten da, edo kuadrilla bakoitzak urte horretan duen animo edo gogoaren arabera.
6.Horrenbeste jende bilduta, giro ederra egongo da.
Goizetik giro oso polita sortzen da. 8:00etarako kuadrilla batzuk plazan biltzen hasten dira, tokia hartzeko. Kalderetearen prestaketarekin hasten diren bitartean hamaiketakoak prestatzen dituzte, denetariko pintxoetara gonbidatzen naute (kar, kar…). Udaletxeko eta Osasun Etxeko portxeak mahaiz beteta egoten dira gero kuadrillak bazkaltzera geratzen direlako. Tokia txiki geratu denez, udalak goiko frontoian karpa jarri du ere bertan mahaiak jarri ahal izateko. Sekulako giroa izaten da. Aipatu dutenez, aurten txaranga egonen da. Nik disfrutatzen dut.
7.Festetako programan kalderete lehiaketaren baldintzak ageri dira. Untxi edo axuri kaldereteak behar dute izan.
Aurten festen programan argi eta garbi jartzen du untxi edo axuri kaldereteak behar dutela izan, eta hori zehaztea oso ongi iruditu zait. Berez untxizko kaldereteak egin izan dira beti, baina geroago axuriarekin hasi ziren. Eta urte batzuetan denetarikoak egon izan dira: oilaskoa, orkatza, basurdea, oreina, txahala… Epaimahaiarendako oso zaila izaten zen baloratzea, oso ezberdinak baitziren. Parte hartzaileak ere haserretzen ziren: nola ez du irabaziko, txahal kalderetea egin badu? Eta halakoak. Polemika handia egoten zen. Niri untxi kalderetea gustatzen zait gehien, tipikoena delako.
8.Kalderete txapelketetan beti egoten da polemika.
Bai, hala izaten da. Hasieran gaizki pasatzen nuen, baina gero erabaki nuen horren estu ez hartzea. Sarritan esan didate ere tongoa egon dela, eta halakoak. Betikoa. Behin nire osaba batek irabazi zuen txapelketa, eta pertsona batek parte hartzaileen zerrenda eskatu zidan, ikusteko zenbaki bakoitzak asmatutako izena zuela ondoan, ez pertsonena, eta epaimahaiak ez zekiela osaba nor zen. Pentsa, egun horretan eguerdiko kontzertuko musikari batzuk zeuden ere epaimahaian, nola ezagutuko zuten? Behin batzuei esan nien, txantxetan, egun batean tongoa egingo nuela, eta orduan ez zela inor enteratuko (kar, kar…). Beti egoten da guztia kritikatzen duen jendea, baina gutxienekoa da. Jende gehienak gustura parte hartzen du, ongi pasatzen du, eta egun zoragarria izaten da.
9.Aurten jendea gogoz dago? Jende asko animatuko dela uste duzu?
Ostiralean ikusiko da. Bi urte daramatzagu festa eta kaldereterik gabe eta jendea gogotsu dago. Aurten birusak ez du baldintzatuko, eguraldiak bai, ordea. Aste hasierako bero itogarria egiten badu… Egunotan esan izan didate: bero kolpe bat sufritzen badugu? Ez gaude 40 gradutara ohituta, ezta 30 gradutara ere, eta badirudi festa beroak izango direla aurtengoak. Nolanahi ere, parte hartzera animatzen ditut irurtzundarrak. Halako ohitura ederrak ez dira galdu behar.
10.Epaimahaia nork osatzen du?
Sukaldatzen ongi dakiten etxekoandreek, elkarteetako ordezkariek, sukaldari profesionalek… denetatik. Bi urtetan Iruñeko Kabo jatetxeko Aaron Ortiz sukaldari irurtzundarrak parte hartu izan zuen. Horrek txapelketari beste kategoria bat ematen dio.
11.Kalderete txapelduna nor den aukeratzea ez da lan erraza izanen.
Jendeak, oro har, oso ongi kozinatzen du, eta urtero epaimahaiarendako oso erabaki zaila izaten da txapelduna hautatzea. Baina oso zaila, ezin duzu imajinatu ere egin. Azaroan, San Martinetan, postre txapelketa antolatzen dut Erga Larreaken eta jende askok parte hartzen du ere. Zaila izaten da aukeratzea. Sariei dagokienez, lehendabizikoak axuria edo txerrikumea jasotzen du, bigarrenek bi untxi, gazta eta ardoa eta hirugarrenek ardoa. Ez dira sari potoloak, sari handiena txapelketa irabaztea baita.