Festetarako hainbat lan despeditu dituzte

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 09:41
Autokarabana gunearen ondoko parkeko elementuetako bi.

San Martin kaleko Barazki Gunean eraikitako estalpea joan den asteazkenean mustu zuten, festekin batera. Bestalde, autokarabanendako gunearen ondoan parkea osatu du udalak eta parte hartze aurrekontuen bidez zehaztutako lanak ere eginak daude.

Festetan Barazki gunea gazteek kudeatzen dute. Han kontzertuak bazkariak eta bestelakoak antolatzen dituzte. Eta joan den asteazkenean hasi ziren ospakizunetan ere horretan aritu ziren, baina karpa baten azpian egin beharrean estalpe berri baten pean aritu ziren. Izan ere, Irurtzungo Udalak garai bateko azokako barazkiak saltzeko plaza estalpe baten bidez estali du. Herri erdian dagoen erabilera anitzeko espazio berritu horrekin, Irurtzungo Udalaren asmoa da irurtzundarren gizarte bizitzaren espazio egituratzaileetako bat bihurtzea. Estalpea egiteko lanak apirilaren 4an hasi eta asteartean despeditu ziren. Udalak estalpea eraikitzera diruzaintzako gerakineko 276.500 euro bideratu ditu. Herenegun eguerdian trikitixen doinura mustutako estalpeko zorua plastikoz babestu dute, mustu berritan eta ospakizun egunetan zikintzeak “pena” ematen ziela aipatu du Aitor Larraza Carrera alkateak, horregatik, jarri dutela plastikoa. 

Barazki Gunea San Martin kalean kokatuta dago. Eta kale horren zati handi bat, kasik Lizarra kaleko bidegurutzetik gorantz, konpondu zuten duela hiru aste. Zegoen asfaltoa kendu, berria jarri eta haren gainean zegokion seinaleztapena margotu zuten. 

Plazaola 
Bide berdearen ondoan autokarabanendako gunea dago. Eta haren alamenean, zuhaizpean, bidaiariek eta bidea egiten dutenendako atseden gunea. Bidetik hara sartzeko egurrezko pasabidea jarri du udalak. Mahai eta aulkiez aparte, orain Mikel Lasartek egurrez egindako haurrendako parke bat dago. Hura hiru elementuk osatzen dute: egurrezko tren bat bere lokomotora eta bidaiariendako aulkiekin, barraskilo handi bat eta gora eta behera ibiltzeko piramide txiki moduko bat. 

Azkenik, Irurtzungo Udalak parte hartze aurrekontuen 70.000 euroko partida gauzatu du. Alde batetik, Erga magaleko mendi ibilbideak homologatu ditu. Bestetik, ur biltegi zaharrean itxitura jarri eta begiratokia jarri du. Horrekin batera, Plazaolako aparkalekuaren zati bat asfaltatu du, biltegirako bidean segitzen duena. Horrekin batera, natur bidearen erabiltzaileendako hiru atseden gune jarri dira. Autokarabanen guneko parkea ere parte hartze aurrekontuen bidez finantzatu du udalak.