Mari Carmen Elustondo

"Hemen jolastu eta ikasten nuen"

Guaixe 2022ko abu. 1a, 08:01

Mari Carmen Elustondo Asiain eskolako jolastokia zegoen tokian.

Joan zen baina arrastoak hor dauden Irurtzun baterako bidaia Mari Carmen Elustondo Asiainen eskutik. Bere gogoko tokia kultur etxeko plaza da.

Irurtzungo San Migel kalearen goiko partean, hiru eraikinek plazatxo bat osatzen dute: apaizetxeak, kultur etxeko auditorioak eta kultur etxeak. Txokoak "haurtzaroko oroitzapen on asko" sortzen dizkio Mari Carmen Elustondo Asiaini, "eskolako atsedenaldian hemen eta zelaian jolasten baikien". Balon prisionero, tabekin jolastu, laster egin, soka saltoan egin… denetariko jolasetara aritzen ziren han. "Zorua lurra zen, eta euria egitean lohia sortzen zen. Aldapa horrekin, elurra zegoenetan eskolara iristen nahikoa lan. Halakoetan, aitek, auzolanean bidea egiten zuten", gogoratu du Elustondok. Garbi iritsi beharra zegoen klasera. 

Aukeratu duen tokiaren aldamenean Montiko dago, "gaur egun aitona-amonen parkea deitzen diote". Elustondok aitortu du Irurtzunek duen ikuspegiaz maiteminduta dagoela. Bere gogoko tokiaren ondotik "Biahizpe oso ongi ikusten da, mendi guztia ikusten da. Trinitateko ermita ere ikusten da".  

Garai bateko eliza gotikoa gaur egun kultur etxeko auditorioa da eta eskola zena, berriz, kultur etxea da. "Kultur etxeko beheko solairuan nesken eskola zegoen. Eta mutilen eskola pabiloi baten modukoa zen eta gaur egungo musika eskolaren beheko solairua hartzen zuen, haren bukaeran mutikoen komuna zegoen". Kultur etxeko sarrera garai batean irakaslearen etxerako sarbidea zen. "Atzean pasabide bat zegoen, mutilen eskolarekin komunikatzen zuena, atzean irakasleek zuten baratzera eta nesken komunera eramaten zuena. Ikasgelan bi leiho genituen, orain bezala". 

Eliza zaharrean garai batean jendea bizi izan zela azaldu du Elustondok. "Gauzak gordetzeko ere erabili zen”. Gaur egungo auditorioaren eszenatokia dena, garai batean etxe bat zen. Azaldu duenez, apaizetxearen paretan iturria zegoen eta egun plazatxoa dena garai batean hilerria izan zen. "Konpontzen hasi zirenean hezurrak nola ateratzen ziren gogoratzen dut", esan du irurtzundarrak. 

Irakasleak 
Haur irurtzundarren heziketaz emakumezko eta gizonezko irakasle bana arduratzen ziren. "Nesken eskolaren gainean irakasle batendako etxea zegoen. Txikia nintzela bikote bat bizi izan zen, biak irakasleak ziren. Haiek joan eta irakasle aldaketa ugari izan genituen ondoren". Elustondok ez du irakasleen oroitzapen txarrik, "beharbada irakasle gazteagoak izan genituen. Batzuek, ordea, oroitzapen txarra dute".  

Irakasle haiek adin guztietako ikasleak batera hartzen zituzten eta ikasgai guztiak ematen zizkieten. 14 urteetaraino ikasten zuten eskolan, "ia-ia entziklopedia berarekin egoten ginen". Egurrezko ikasmahaiak, idazteko arbel txiki bana, hura borratzekoa… "arkatzarekin hasi ginenean, hura sekulakoa izan zen! Ondoren bakoitzak gure luma, boligrafoa… denetarik izaten hasi ginen". Elustondok azaldu duenez, garai bateko elizako paretan txorrosten zuten arbela. 

Elustondok esan duenez, "Lengua ikasgaiari baino gehiago, aditzei ezinikusi handia nien. Baina, gainontzekoa, gustatzen zitzaidan. Akaso pixka bat alferra nintzen, bestela, ongi!" Jakinarazi duenez, “ahal genuenok, ordainduz, bakarkako klaseak jasotzen genituen, eta pixka bat gehiago ikasten zenuen”. Horretan gizonezko irakasle bat aritu zen luzez, "gerora Hezkuntzako inspektore izan zen". 

Egurrezko estufa batekin berotzen zen ikasgela. "Ikasleok piztu behar genuen. Kea sortzen zenean, hura okerragoa zen, leihoak zabaldu behar genituelako. Hotz handiagoa egiten zuen, baina ohituago geunden, ez baikenuen arropa egokirik. Oroitzapen onak ditut". Gaineratu duenez, Wesne-hauts famatu hura ematen hasi zirenean geuk egosi eta banatu behar izaten genuen". Irurtzunek, gainera, haur eskola zuen. Hura kontzeju etxean zegoen (Pikuxarren parean dagoen etxe bat). 

Elustondok 14 urterekin ikasketa akaberako azterketa egin zuen, “pixka bat lehenagora arte ez zen halakorik egiten". Oinarrizko ikasketa ziurtagiria edo eskolaratze titulua jaso zuen. "Irurtzun merkataritza herria izanik, ikasle guztiek bukatzen zuten eskolatze prozesua. Ahalmen handiagoa zutenenek, edo beste ikuspegi bat zuten gurasoak zituztenak, gehiago ikastera joaten ziren. Halako asko egon dira". 

Bestetik, Elustondok argitu du apaizetxean katekesia jaso zuela. "Apaizak jolas gela baten modukoa prestatu zuen eta igandeetan partxisera eta makina bat jokotan jokatzera etor gintezkeen. Etxe aberatsez aparte, Irurtzunen jarri zen aurreneko telebista apaizak jarri zigun parrokia zentroan. Igandeetan etortzen ginen". 

Irurtzundarrak jakinarazi duenez, "Atakondoa egin aurretik, herria hazten hasi zenean, hemengo eskolak handitu egin ziren". Gaur egungo eskola "askoz hobeki dago. Baina oso handia da, inpertsonalagoa iruditzen zait. Ez zait hainbeste gustatzen. Ezberdina da, tokatzen dena". 

Jolas tokiak 
Elustondo arratsaldeetan gehien jokatu den tokia gaur egungo Gernika plaza da. "San Martin kalean bizi nintzen, baina etxearen atzeko aldeak orduko azokako txerrien plazara ematen zuen. Eta auzoko guztiak plaza hartan elkartzen ginen. Horko bizipen ugari ditut: San Joanetan sua egiten genuen larrainean…" Inguruan ez zegoen etxerik, salbuespena gaur egungo etxe dorre handia dagoen tokia da, "han etxe handi ederra zegoen, Zapatariarena. Eta kale Berria dagoen tokian han Mugerzaren etxea zegoen, albaitariarena". 

Etxeko atzeko aldean dena zelaia zen, "eta kanpo santuraino iristen ginen. Toki guztietatik ibiltzen ginen, hemendik, handik, ubeldera jaisten ginen. Ibaikoa oso paraje ederra zen, guztia txipudia baitzen. Itsesiara… Han bolborategi bat zegoen, edo egon zen, ez galdetu zergatik. San Martin kalea zeharkatzean beste auzo batean geunden". Aipatutako kale horretan “bizitza” zegoela esan du, "errepidea zen, jende guztia pasatzen zen, dendak zeuden". Ahizpa txikiaren azpian Santiagori eta Santa Anari eskainitako ermita zegoen, "hara erromerian maiatzean joaten ginen". 

Neska-mutilen arabera, elkarrekin edo bananduta jolasten ziren. "Baina, orokorrean, bananduta jolasten genuen. Mutilak futbolean edo beste edozertan gehiago aritzen ziren. Gu, gurera, kromoetara edo dena delakoetara".