BTT

La Peluso BTT Xtreme, aldaketekin

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 12:10
Ezkerretik eskuinera Iker Alegre, Francisco Lopez Ordoñez, Estibaliz Sagardoy, Santi Moreno, Anna Carreras, Maite Azpiroz eta Angel Moreno, aurkezpenean. LAPELUSO

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Irurtzun Taldea klubak antolatutako mendi txirrindularitza proba, abuztuaren 27an jokatuko dena. Izena ematea zabalik dago

Berriki berritutako Barazki gunean aurkeztu zuten abuztuaren 27an jokatuko den La Peluso BTT Xtreme mendi lasterketa. Irurtzun Taldea klubak antolatzen du proba, hainbat babesleren laguntzarekin, eta guztiak bildu ziren Irurtzunen. La Peluso martxa zikloturistaren atzetik sortu zen La Peluso BTT Xtreme, eta aurten bigarren edizioa izango du. Antolatzaileek 600 partaideren muga jarri dute, eta izena ematea zabalik dago uztailaren 31ra arte, Rockthesport webgunean. 

Antolakuntzak bi ibilbide prestatu ditu. Luzeenak 60 km eta 2.000 m desnibel + inguru ditu, eta joan zen urteko ibilbide bera da. Ibilbide motza, aldiz, 8 kilometrotan luzatu dute eta 38 km eta 1.101 metroko desnibel + izango ditu. Plazaolako Bide Berdeko zenbait eremutan sartuko da, jaitsiera ikusgarriak izango ditu, xenda ederrak, eta Trinitatea eta Ergako mendia bezalako igoera gogorrak. Bi aldaketa izango ditu: Muskizeko jaitsieraren ordez, Errege-Abelbide bidetik jaitsiko da proba, eta berdina egingo da Ziako jaitsieran. 

Bi probak, luzea eta motza, abuztuaren 27an 8:30ean abiatuko dira Irurtzungo plazatik eta proba ez lehiakorrak izango dira. Anoa guneak Zia gainean, Zarranzen eta Etxaleku gainean egongo dira, eta helmuga Irurtzungo plaza izanen da. Bukaeran, bazkaria izango da plazan. Joan zen urtean 340 bikerrek hartu zuten parte, primerako giroan, eta aurten ere parte hartze ederra espero dute antolatzaileek. Aurten proba jokatzen den bitartean asistentzia mekanikoa izango dute bikerrek. Irurtzun Taldea klubeko Santi Morenok eskerrak eman zizkion Keari, laguntzagatik. 

Babesleak, kontentu
Lacuraleko Maite Azpirozek azaldu zuenez, saltzen duten esne litroko 2 zentimo kirol, kultur eta egitasmo sozialetara bideratzen dituzte, tartean La Peluso, eta bide horretan segitzeko prest azaldu zen. Bestalde, Aleako Anna Carrerasek La Peluson parte hartzeagatik “oso kontentu” zeudela nabarmendu zuen, “La Pelusok bizimodu osasuntsua sustatzen duelako, eta Alearen filosofiarekin bat egiten duena”. Halaber, aurkezpenean Arakilgo Udaleko kirol zinegotzi Iker Alegre, Banco Santanderreko ordezkari Francisco Lopez Ordoñez eta Irurtzun Taldea klubeko Santi Moreno eta Angel Moreno egon ziren, Ororbiako Estibaliz Sagardoy Connor Saltoki BTT txirrindulariarekin batera.