Areto futbola

Xotak 25 urte bete ditu lehen mailan, eta abonuak berritzeko kanpaina martxan du

Guaixe 2022ko abu. 31a, 10:59

Xotako zaleak, 2022/2023 denboraldirako abonuak berritzen. XOTA

Irailaren 9ra arte egin daiteke tramitea, Anaitasuna pabilioian. Ostiralean Osasuna Magna Xotak eta Aspil Jumpers Ribera Navarrak Nafarroako Kopako finala jokatuko dute

Osasuna Magna Xotak areto futboleko lehen mailako 2022/2023 denboraldiko abonuak berritzeko eta abonu berriak egiteko kanpaina martxan du. “25 urte lehen mailan, talde historiko bat elitean” du izena abonuak berritzeko kanpainak. Abonua egin nahi dutenek Iruñeko Anaitasuna pabilioitik pasa beharko dute, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara, irailaren 9ra arte. 

Xotatik azaldu dutenez, ordainketa diruz egin beharko da, metalikoan, eta joan zen urtean abonua zutenei aurreko denboraldiko zenbakia gordeko zaie. Osasuna futbol taldeko bazkideek %20ko beherapena izango dute eta langabezian dauden pertsonek, eta mugikortasun mugatua dutenek ere %20ko beherapena izango dute. Taldea babestera eta abonua ateratzera gonbidatu ditu klubak zaleak

Prezioei dagokienez, helduek 120 euro ordainduko dute (abonua berritzen dutenek 100 euro), adin txikikoek 80 (abonua berritzen dutenek 80 euro) eta familiako abonuak egiteko aukera ere badago. 

Nafarroako Kopako finala, ostiralean
Osasuna Magna Xotak eta Aspil Jumpers Ribera Navarrak Nafarroako Kopako finala jokatuko dute ostiralean, 20:00etan, Lizarran. Irailaren bigarren asteburuan denboraldiari hasiera eman baino lehen, bi taldeak nola dauden ikusteko aukera paregabea izango da ostiralekoa.