BTT

La Peluso Xtremek zapore ona utzi du

Guaixe 2022ko ira. 6a, 11:00

Bikerra La Pelusoko ibilbideaz gozatzen. MIREN ARREGI

200 txirrindularik eman zuten izena Irurtzun Taldeak abuztuaren 27an antolatutako proba ez lehiakorrean. Bikerrak oso gustura aritu zirela, ibilbideetako aldaketek harrera bikaina izan zutela eta ez zela inolako arazorik izan nabarmendu dute

Abuztuaren 27an gozatu ederra hartu zuten Irurtzun Taldeak antolatutako La Peluso Xtreme BTT proba ez lehiakorrean parte hartu zuten 200 bikerrek. Irurtzungo plaza abiapuntu eta helmuga zutela, bi ibilbide zituzten aukeran txirrindulariek: luzea (60 km eta 2.000 m desnibel +), joan zen urteko ibilbide bera, eta ibilbide motza (38 km eta 1.101 m desnibel +). Ibilbidea Plazaolako Bide Berdeko zenbait eremutan sartu zen, jaitsiera ikusgarriak zituen, xenda ederrak, eta Trinitatea eta Ergako mendia bezalako igoera gogorrak. Bi aldaketa nagusi izan zituen: Muskizeko jaitsieraren ordez, Errege-Abelbide bidetik jaitsi zen proba, eta aldaketa berdina egin zuten Ziako jaitsieran.

Antolakuntza, kontentu
"Oso pozik gaude. Txirrindulariak gustura ibili ziren, ez zen inolako arazorik ez istripurik egon eta ibilbidean egindako aldaketak oso ongi hartu zituzten. Beraz, balorazioa oso ona da" nabarmendu du Irurtzun Taldeko Santi Moreno Morenok. Bikerren artean izen ezagunak zeuden, Patxi Cia, esaterako. Coonor Saltoki taldeko Estibaliz Sagardoy ezin izan zuen aritu, munduko txapelketa prestatzen ari delako. 

La Peluso Xtreme proba ez lehiakorra da, baina txirrindularien denbora hartzen du antolakuntzak, "eskatzen digutelako. Guk ez dugu sailkapena saritzen, baina txirrindulariek egin duten denbora jakitea gustuko dute" aipatu du antolatzaileak. Denborak La Peluso webgunean daude ikusgai. 

Partaidetzaz
Joan zen urtearekin alderatuta, partaidetza jaitsi egin da. Joan zen urtean, lehen edizioan, 350 izena emate inguru izan ziren eta aurten 200. "Asteburuan lau BTT proba antolatuta zeuden Nafarroan, horiek proba asko dira eta, jakina, partaidetzan eragina izan du" azaldu du Morenok. "Gurea bezalako proba baterako eguraldi lehorra izatea beharrezkoa da, lohi askorekin ezinezkoa litzatekeelako. Beraz, data hauetan moldatu beharra dugu" gaineratu du. 

Datorren urtean La Peluso Xtreme BTT proba ez lehiakorrarekin aurrera jarraituko dute. "Hirurekin jarraituko dugu: La Peluso zikloturista martxa, taldeen arteko erlojupekoa eta BTT proba" ziurtatu du Morenok. 

Erlazionatuak

La Peluso BTT Xtremen, gustura

Miren Arregui 2022 abu 31 Irurtzun