Areto futbola

Xotak irabazi du Nafarroako Kopa

Guaixe 2022ko ira. 5a, 10:35

Osasuna Magna Xotak asteburuan ekingo dio ligari eta Nafarroako Kopak konfiantza eman die. XOTA

Imanol Arregiren taldeak 3 eta 4 irabazi zion Aspil Jumpers Ribera de Navarrari ostiralean Lizarran jokatutako final borrokatuan

Osasuna Magna Xotak ezin hobeki ekingo dio 2022/2023 areto futboleko Lehen mailari, Nafarroako Kopa eskutan duela. Ostiralean berdeek final handia jokatu zuten Aspil Jumpers Ribera de Navarra talde tuterarraren kontra, eta bi taldeek dena eman zuten preziatutako saria lortzeko; izan ere, Lehen Mailako arerioak baitira, eta euren arteko derbiak, oso lehiatuak dira. 

Joan zen urtean Aspil Jumpersek irabazi zuen kopa, eta Erriberakoak asmo berarekin atera ziren kantxara, baina Imanol Arregiren taldeak ez zien aukerarik eman. Derbia ederra izan zen, eta Xotakoak aurreratu ziren, Josu Mendivek sartutako golari esker. Terryk bana berdindu zuen, eta berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Terryk Aspil Jumpers aurreratu zuen, jaurtiketa indartsu bati esker. Xotak ez zuen etsi, eta Fabinhok berdintzea eta Linharesek 2 eta 3 aurreratzea lortu zuen. Emozioak bizirik jarraitu zuen Aspil Jumpersek hiruna berdindu zuelako, baina hiru minuturen faltan Fabinhok garaipenaren gola sartu zuen. Osasuna Magna Xotak munduko txapelketarik garrantzitsuena balitz bezala ospatu zuen Nafarroako Kopa lortu izana. 

Imanol Arregi pozik zegoen Nafarroako Kopa lortu izanagatik. “Partida polita izan da, paretsua, lehiatua. Garaipen honek liga hasteko konfiantza ematen digu” nabarmendu zuen. 

Asteartean, aurkezpen instituzionala
Osasuna Magna Xotak bihar, asteartea, egingo du 2022/2023 denboraldiaren aurkezpen instituzionala, 19:00etan, Anaitasunan.