Areto futbola

Osasuna Magna Xotak denboraldi aurkezpena egin du

Guaixe 2022ko ira. 7a, 11:30

Osasuna Magna Xotako aurkezpenean aurpegi oso ezagunak egon ziren. XOTA

Anaitasunan egin zuten aurkezpena, astearte arratsaldean. Taldeak hiru irurtzundar izango ditu: Asier Llamas, Roberto Martil eta Europako txapelketa jokatzen dagoenez ekitaldian ezin egon izan zen Ion Cerviño. Imanol Arregik jarraituko du  taldea gidatzen. 

Osasuna Magna Xotak ostiralean ekingo dio Lehen Mailako 2022/2023 denboraldiari. Antequera izango du aurkari, Malagan jokatuko den partidan. Talde berdeak asteartean egin zuen denboraldiko aurkezpena, Anaitasuna pabilioian. Denboraldi berezia da aurtengoa, talde irurtzundarrak Lehen Mailan, gorenean, 25 urte bete dituelako. 

Aurkezpen ekitaldian Xotako juntako kideak zeuden, Tatono Arregi lehendakaria buru, baita taldeko  teknikariak eta jokalariak ere. Horretaz gain, Osasunako presidente Luis Sabalza, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola, Iruñeko Udaleko zinegotzi Maria Caballero, Magnesitas Navarras enpresako finantza zuzendari Iñigo Paniagua eta Nafarroako Futbol Federazioko Roberto Rubi izan ziren. Javi Eseverri, urte luzez Xotako kapitain izandakoak, ez zuen huts egin. 

Imanol Arregik aipatu zuen aurtengo urtea “berezia” dela, “Xota bezalako klub batendako halako urteurrena ospatzea sekulakoa delako. Halaber, babesle eta laguntzaile guztiei eskerrak eman zizkien. “Denboraldi gogorra izango da, baina guztia emango dugu jendeak disfrutatu eta pabilioitik irribarretsu ateratzeko”. Tatono Arregi presidenteak ere urte luze hauetan kluba lagundu eta babestu duten guztiak eskertu zituen eta “proiektu honen alde borrokan” jarraituko dutela nabarmendu zuen. 

Plantilla
Taldeari dagokionez, Imanol Arregi Sarasa zuzendari irurtzundarrak eta Miguel Hernandez Bruguera bigarren zuzendariak hamabost jokalari izango dituzte euren aginduetara, horietatik hiru irurtzundar: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil kapitaina eta hegoa eta Ion Cerviño atzelaria. Hain zuzen ere Cerviñok ezin izan zuen aurkezpenean egon, Espainiako selekzioarekin 19 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatzen ari delako, Jaenen. Gainontzeko jokalariak ondokoak dira: Oihan Sanchez eta Miguel Planillo atezainak, Andres Sebastian Geraghty “Pulga”, Juninho, Tony Escribano, Dani Zurdo, Jhonatan Linhares, Carlos Vento, Fabinho, Pol Barrot eta Josu Mendibe. 

Joan zen denboraldiarekin alderatuta hiru baja izan ditu talde berdeak –Raul Rocha (Jimbee Cartagena), Bynho (Viña Albali Valdepeñas) eta Neno– eta lau alta –Andres Sebastian Geraghty “Pulga” eta Pol Barrot fitxaketak eta harrobitik igo diren Oihan Sanchez eta Josu Mendive–. 

Talde gaztea du Osasuna Magna Xotak. “Sare sozialeei kasu eginez gero, etxean geratu beharko genuke. Baina Xota garenez, izorratzen jarraituko dugu” nabarmendu zuen Imanol Arregik, bere ohiko umorearekin.