Areto futbola

Osasuna Magna Xotak berdinketarekin ekin dio ligari

Guaixe 2022ko ira. 12a, 10:32
Partida oso borrokatua izan zen. XOTA

Imanol Arregiren mutilek Antequeran jokatu zuten,  garaipena eskutan izan zuten, baina ezinezkoa izan zen

Osasuna Magna Xotak Antequera izan zuen 2022/2023 denboraldiko lehen aurkari, eta ostiralean Malagan jokatutako partida puntu banaketarekin despeditu zen, hiruna berdindu baitzuten bi taldeek. 

Partida serioa izan zen, erasora atera ziren bi taldeen artekoa. Zazpigarren minutuan aurreratu zen Antequera, baina ongi erantzun zuen Xotak, lau minutura Dani Zurdok berdindu baitzuen. Osasuna Magna Xotak gorriz jokatu zuen, eta bere anaia futbolari gorritxoek bezala, arrisku handia sortu zuten. Josu Mendivek, Roberto Martilek, Carlos Ventok... aukera paregabeak izan zituzten. Baina zorigaiztoko jokaldi batean baloi batek Dani Zurdoren bizkarrean jo eta errebotea Xotako ate barrura sartu zen. Horrela, ate propioan gola sartuta eta 2 eta 1 galtzen ari zirela joan ziren jokalariak atsedenaldira. 

Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Osasuna Magna Xota. Une eroak izan ziren, Antequerak ere bere aukerak izan zituelako, baina Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea. Dani Zurdok bina berdintzea lortu zuen estrategiako jokaldi batean, eta minutu batzuk beranduago Dani Zurdok berak 2 eta 3 aurreratu zituen berdeak, partida bukatu baino 4 minutu lehenago. Tamalez, Antequerak hiruna berdindu zuen eta nahiz eta Xotak irabazteko aukera izan, ia ate azpitik baloia ateratzea lortu zuen Antequerak eta hiruko berdinketarekin despeditu zen lehia. 

Levante da Lehen Mailako areto futboleko liderra (3 puntu) eta Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (puntu 1). Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko. Bigarren jardunaldia irailaren 23ko asteburuan erabakiko da eta Xotak Jimbee Cartagena hartuko du Anaitasunan.