Areto futbola

Ion Cerviño, Europako txapelduna

Guaixe 2022ko ira. 12a, 11:40
Ion Cerviño, behean ezkerretik hasita lehena, garaipena ospatzen. ESPAINIAKO ARETO FUTBOL SELEKZIOA

Osasuna Magna Xotako jokalariak 19 urtez azpiko Europako Areto Futbol Txapelketa irabazi du Espainiako selekzioarekin

Azken astean Europako 19 urtez azpiko Areto Futboleko Txapelketa jokatu da Jaenen. Espainiako selekzioko Albert Canillas hautatzaileak Osasuna Magna Xotako Ion Cerviño Pueyo irurtzundarra deitu zuen txapelketa garrantzitsuan lehiatzeko eta atzelariak lan bikaina egin du, bere taldekideekin batera. 

Txanponaren bi aldeak
Final handian Espainiak Portugal izan zuen arerio. Biak dira, hain zuzen ere, Europako selekziorik indartsuenetakoak. Partida borrokatu eta zirraragarrian Espainiako selekzioa aurreratu zen, baina Portugalek ongi erantzun zuen eta bi taldeen berdintasun horrek markagailuan isla izan zuen, partida binako berdinketarekin despeditu baitzen, Ion Cerviñok zorigaiztoko jokaldi batean ate propioan sartutako gol batengatik. Beraz, luzapenak erabaki zuen, eta hor Espainiako selekzioa izan zen nagusi. Ion Cerviñok arantza kentzeko aukera izan zuen, bosgarren gola sartu baitzuen. Azkenean, 6 eta 2 irabazi zuen talde gorriak.