Pikuxarren udan zehar kultur emanaldiak egin dituzte, eta haien artean Enara irurtzundarrak eta lagunek deitutako kontzertua izan zen. Enara Urra Albizu musikariak esperientzia handia du eszenatokien gainean, baina lehenengo aldiz taberna batean jotzen zuela. Musikaren "nomada" dela esan du. Pikuxarren Lucia de la Pisa abeslariarekin, Andrea Cuevas gitarrista irurtzundarrarekin eta, zenbait abestitan, Haizea Urra ahizparekin aritu zen.
Nola hasi zinen musikaren munduan?
Bakarlari baino nomada bezala ibili naizela esan daiteke. Talde batetik bestera ibili naiz, hamaika gauzatan sartuta. Gehienbat herriko gazte asanbladatik esan digutenean ekitaldiren batean parte hartzeko, lagunen bat bilatzen nuen eta kontzertua ematen genuen. Baina taldez aldatu dut. Orain, bi musikari hauekin hitz egin dugu talde finko bat edo zerbait egiteko. Kontzertu hau prestatu dugunez, mugitzen saiatu nahi dugu hirurok batera.
Zuen abestiak jotzen dituzue edo bertsioak?
Momentuz, bertsioak. Konposatzea gustatzen zait, baina oraindik ez ditut egindako abestiak inorentzat jo. Luciarekin hitz egiten egon nintzen eta abestiren bat konposatzera eta gure abesti propioak jotzeko prest gaude. Baina oraindik ez gara hasi. Atera zitzaigun kontzertu hau eta prestatzeko entseguak egiten zentratu gara.
Zein abesti jotzen dituzue?
Saiatu ginen euskaraz izatea, kontzertua Pikuxar euskal txokoan zelako. Baina Luciak ez daki euskaraz, eta sartu genituen gaztelaniazko abestiak ere. Baina ikasi zituen euskarazko letra pila bat, eta ez zen nabaritzen euskaraz ez zekienik. Beste kontzertu batzuk egin ditugunean, abesti oinarrizkoetara joaten gara; euskal musikaren mitikoenak: Lau teilatu, Ilargia... Kontzertu honetarako saiatu ginen akustikoan ez dauden abestiak hartzen, kanta hauen benetako bertsioa egiteko. Ez abesti bat kalkatu, baizik eta guk abesti horietatik zer atera genezakeen, gure ukitua eman. Azkenean, ez genuen ez gitarra elektrikorik ez bateriarik. Bateriaren kontua zaila da abesti bati erritmoa ematea bateriarik gabe zaila delako, eta orduan gitarraren bidez nola egin genezakeen begiratu genuen. Joko horretan sartu ginen. Lehenengo aldia zen taberna batean jotzen genuena. Gaztetxe batean jotzen dugunean, badakigu zein den publikoa, eta badakizu gazte horien aurrean zein errepertorio jo eta zein abesti bilatu. Baina taberna batean publikoa irekia da, eta ez dakizu zer nolako jendea joan daitekeen ikustera. Beraz, gustu guztietako errepertorioa egiten saiatu ginen. Esaterako, Sabina jo genuen. Ni kontzertu batera joaten banaiz eta ezagutzen dudan abesti bat jotzen badute, gusturago sentitzen naiz.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Arraroa izan zen. Gure herria izanda mundu guztia ezagutzen genuen. Beste aldietan jo dugunean arinago sentitu garela uste dut. Abestien artean hitz egiten dugu eta horrelako gauzak, baina kontzertu honetan kostatu zitzaigun pixka bat jakitea nondik hasi. Herriko festetan, eszenatokietan eta abarretan jo izan dut, baina ez dut inoiz horrelako akustiko bat egin. Gainera, taberna batean jotzen duzunean pentsatzen duzu jendea zerbait hartzen ariko dela, eta musika atzetik dago. Baina iritsi ginenean aulkiak jarri zituzten gu eserita ikusteko. Aulkiak mugitu genituen eta mahaiekin jarri. Azkenean, jende asko joan zen eta oso gustura egon ginen.
Taldearekin jarraituko duzue?
Andrearekin zerbait proposatu digutenean aritu izan gara. Herrikoa da eta betidanik lagunak gara, eta oso erraza da berarekin lan egitea. Abeslaria gehiago aldatu dut. Nik nahiago dut beste abeslari batekin aritzea, kontzertu osoa nik bakarrik abesten badut aspergarriagoa izango dela pentsatzen dudalako. Bi ahots daudenean indar gehiago dauka akustikoak. Elektrotxaranga batean hasi nintzen eta hiru kidek komentatu zuten akustikoak egiteko deitzen zietela eta ea nahi nuen parte hartu. Egonean deitzen zen. Ez zigun denbora asko eman pandemiak harrapatu gintuelako, eta dena pikutara joan zen; elektrotxaranga, akustikoa... Nomada bat bezala ibili naiz. Orain Luciarekin berriro elkartu naizela kontzertu hau prestatzeko, biak Iruñera joango garenez, eta biek karrera musikara bideratu dugunez, horrelako emanaldiak ematen jarraitzea pentsatu dugu. Irailean Larrazpin joko dugu eta beste kontzerturen bat ere aurreikusten dugu. Urte asko pasa ditugu musika ikasten, eta pena bat da sartu dituzun ordu pila horiek atzean uztea. Aurrera egiteko modu bat da. Behintzat uda osoa entseatzen eman ondoren, gutxienez pixka bat mugitzea.
Profesionalki trebatzen jarraituko duzue, beraz?
Lucia eta biok bai. Andreak ez. Ea noraino iristen den hori ere. Lucia goi mailakoan sartzen bada, ateak irekitzen ditu, baina ez da batere erraza. Oso zaila da, eta betiere zerbait paraleloan ikasi behar duzu. Baina gutxinaka.
Zer sentitzen duzu oholtzaren gainean zaudenean?
Errespetu handia. Azken honetan, kontzertua hasi eta erdia iritsi arte ez nintzen konturatzen benetan ari ginela hainbeste jendearen aurrean jotzen. Sekulakoa da. Musika ongi egiten duen gauzarik hoberena dela uste dut. Bakoitzak daukana erakustea, jendeari une on bat eskaintzea... Gure denborarekin zerbait ona egin dugunaren seinale.