Udalak har ikastaroko eskaintza osatu du

Guaixe 2022ko ira. 13a, 11:49
Irurtzungo irakurle taldea. ARTXIBOA

Izen ematea hilaren 26ra arte dago zabalik. www.irurtzun.eus web orrian dago izena emateko formularioa. Ordainketa txartel edo transferentzia bidez egin daiteke. Ikastaroetan lehentasuna Irurtzunen erroldatutakoek izanen dute. Informaziorako kultur etxera hots egin 948 600 412 telefonora edo kulturetxea@irurtzun.eus e-postara idatzi. 

Irurtzungo Udalak ikasturte berrirako antolatu dituen ikastaroak lastailean hasi eta martxoan despedituko dira. Antzerki tailerra asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, Angel Saguesek gidatuko du kultur etxean, dohainik. Irakurketa taldeko kideak hilabeteko lehen ostegunean elkartuko dira liburutegian, 16:00etatik 19:00etara, Sofia Villegas gidari dutela. Doako jarduera da. Marrazketa eta pintura ikasi nahi duenak astelehenetan du hitzordua, 16:00etatik 19:00etara, musika eskolan. Isabel Garziak emanen du ikastaroa, eta 199 euro balio du matrikulak. Dozena bat plaza daude. 

Ariketa fisikoa egiteko ikastaroak ere badaude udal eskaintzaren baitan. Hipopresibo saioak astearte eta ostegunetan izanen dira 17:00etatik 17:55era. Saioak kultur etxean izanen dira. 20 plaza daude. Pilates egiteko bi talde izanen dira, aurrena astearte eta ostegunetan 18:00etatik 18:55etara ariko da eta bigarrena egun beretan 19:00etatik 19:55era, biak kultur etxean. Hamabina plaza daude. Aerobicean aritu nahi duenak gimnasioan izanen du horretarako aukera astearte eta ostegunetan,  17:30etik 18:25era. Dozena bat plaza daude. Bizkortzea-GAP ikastaroa ere gimnasioan izanen da astearte eta ostegunetan 18:30etik 19:25era. Horretan 20 pertsona ariko ahal dira. Kirol entrenamenduan aritu nahi dutenek astearte eta ostegunetan aukera izanen dute 19:30etik 20:25era; 15 plaza daude. Azkenik Inese Muñozek Gorputz Jarreren Berzuzenketa ikastaroa gidatuko du astelehenetan 16:45etik 18:45era. Gimnasioan izanen da eta 12 plaza daude. Ariketa fisikoko ikastaro guztiek 183 euroko matrikula dute, azkena izan ezik, 190 euro balio duena. 

Bestalde, Irurtzungo Udalak jakinarazi du herrian bestelako ikastaro eskaintza dagoela. AEK-k euskara ikasteko ikastaroak ematen dituela gogorarazi du. Bestalde, Aizpea euskaltzaleen topaguneak eta Pikuxar euskal txokoak euskarazko irakurketa taldea dute. Haur eta helduendako ingeles klaseak ere badaude. Baita, yoga, joskintza, dantza eta mugimendu adierazkorra ikastaroak ere. Fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eskaintza du ere Irurtzunen.